2013-01-11 Tantaz tanta Bilbo'Tantaz tanta' ekimenean parte hartzera deitu dituzte herritarrak

Datorren larunbatean, hilak 11, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko 'Tantaz tanta' mobilizazio erraldoia egingo da Bilboko kaleetan, 'Preso eta iheslariak etxera. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea' lemapean. Ordiziako hainbat eragilek ekimen horretan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, eta udal gobernu taldeak ere bat egin du deialdi horrekin.

Mobilizazio horren aldarrikapen nagusiak hauek dira: sakabanaketaren amaiera, eta gaixo dauden presoak eta zigorra osorik bete dutenak aske gelditzea. Deitzaileen proposamena, berriz, honakoa da: Bilbon ahalik eta eremu publiko gehien okupatzea eta Euskal Herrian historia hurbilean izan den okupaziorik handiena egitea da.

Ez da manifestazio bat izango, itsaso bat baizik, milaka eta milaka ur-tantak osatutako adierazpen banakako eta kolektibo bat. Bertan ez da betiko pankartarik izango, ez eta politikarien adierazpenik edo amaierako komunikaturik. Herritarren esku-hartze erraldoia izango da, zenbait orduz eta agertoki desberdinetan hedatuko dena, marea baten antzera, Bilbon ez ezik testuinguru politiko eta sozial osoan ere zabalduko dena.

Manifestua: http://www.tantaztanta.info/eu/nor-gara/manifestua