Ordiziak Aire Libreko Margo Lehiaketaren bigarren edizioa ospatuko du apirilaren 18an
Ordiziako Udalak Aire Libreko Margo Lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du datorren 2026ko apirilaren 18rako. Lehiaketa iaz egin zen lehen aldiz, plazaren urteurrenaren ospakizunen barruan, eta izan zuen harrera ona ikusita aurten ere berriz antolatzea erabaki da.
Aurtengo edizioan, margolariek Ordiziako Alde Zaharra izango dute gai nagusi, bereziki garai bateko harresia eta haren inguruko eremuak inspirazio iturri hartuta. Lehiaketa edonori irekita egongo da.
Parte-hartzaileek margotzeko euskarriak Barrena Kultur Etxean zigilatu beharko dituzte 09:00etatik 10:30era bitartean. Ondoren, margolariek herriko hainbat txokotan margotuko dituzte lanak, eta 13:30etik 14:30era aurkeztu beharko dituzte Barrena Kultur Etxeko erakusketa aretoan, egilearen datuekin batera.
Aurkeztutako lanekin erakusketa bat egingo da Barrena Kultur Etxeko erakusketa aretoan apirilaren 18tik 30era bitartean.
Epaimahaia eta sariak
Lehiaketako lanak Rakel Jimenez, Javier Soto, Patxi Morales, Kontxi Simon eta Jokin Telleria osatutako epaimahaiak baloratuko ditu.
Sari nagusia 900 eurokoa eta diploma izango da helduen kategorian, eta horrez gain 300 euroko hiru sari ere banatuko dira. Herriko kategorian, 600 euroko lehen saria eta 300 euroko beste sari bat emango dira.
Gazteek eta haurrek ere izango dute parte hartzeko aukera: 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzat 100 euroko saria izango da, eta Ordiziako gazteentzat (0-17 urte) 80 eurokoa. Haurren kategorian (0-12 urte) 50 eurotan baloratutako saria eta diploma banatuko dira, eta 150 euroko accesita ere emango da.
Margolaritza kalean
Lehiaketaren helburua Ordiziako ondarea eta paisaia artistikoki interpretatzea da, margolariek aire librean eta zuzenean sortutako lanen bidez. Egun horretan margolariek herriko kaleak kolorez beteko dituzte, eta sortutako lanak ondorengo egunetan ikusgai egongo dira.





