Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berria aurkeztu da, eta beste urte batez, neguari agur esan eta udaberriari ongietorria emango dio hitzaren eta ahozkotasunaren bidez. Jaialdia otsailaren 16tik martxoaren 31ra bitartean egingo da, eta 30 kontalarik 50 kontaketa saio eskainiko dituzte 17 herritan, tartean Ordizian.

Jaialdiaren aurkezpen prentsaurrekoan parte hartu dute Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak, May Gorostiaga kontalari eta jaialdiaren koordinatzaileak, eta Joxemari Karrere eta Iñaki Carretero kontalariak.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ahozkotasunaren eta hizkuntzaren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi duenez, “Ahoz Aho jaialdiak gure sustraiekin lotzen gaitu, gure ama hizkuntza den euskararen bidez. Euskara iraganarekin estu lotuta dago, eta jaialdi honetan sortzen diren harremanek hori erakusten dute; mundu zabaletik Euskal Herrira etortzen diren artistak ditugu, eta garrantzitsua da ikusmira zabaltzea, gure historiatik abiatuta aberasten jarraitzeko”. Alkateak herritarrak ekitaldi guztietan parte hartzera animatu ditu, eta bereziki Ordizian egingo den XIV. Ipuin Narrazio Lehiaketaren garrantzia nabarmendu du, gogoraraziz edonork parte har dezakeela: “Jauzi polita izaten da herritarrek eszenatokira igotzea eta beren ipuinak kontatzea, ahozkotasunaren tradizioari jarraipena emanez”. Halaber, Ezenarrok adierazi du ahozko transmisioak inoiz baino garrantzi handiagoa duela “adimen artifizialaren garaiotan”.

Bestalde, Goiuri Ezeiza Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak ahozkotasunaren balioa nabarmendu du egungo testuinguruan, eta gogorarazi du egun hauetan Agate Deuna ospatzen ari direla: “Ahotsaren bidez transmititzeak duen garrantzia gogorarazten digu egun honek. Ahozkotasunari eta hitzei esker unibertso erraldoiak eraiki daitezke”. Ezeizak herritarrak aurtengo egitarauaz gozatzera animatu ditu, eta azpimarratu du jaialdiaren aniztasuna: “Urtero bezala, programa oso aberatsa eta askotarikoa da, eta nabarmendu nahi nuke genero aniztasuna ere kontuan hartu dela egitaraua osatzerakoan”.

Jaialdia Tolosan eta Ordizian hasi eta hazi zen, eta urtez urte herri gehiago gehitu dira hitzaren festa honetara, gaur egun Euskal Herriko kontalaritza jaialdirik erreferentzialena bihurtu arte. Euskal kontalari ugarirekin batera, nazioarteko artista ezagunak ere izango dira aurten: Espainia, Kolonbia, Grezia, Italia, Kuba eta Perutik etorritako kontalariak, besteak beste.

Gala berezia eta gehiago

Ordiziak protagonismo berezia izango du jaialdiaren barruan. Barrena Jauregian eta udalerriko beste hainbat gunetan kontaketa saioak egingo dira, eta, horrez gain, XIV. Ipuin Narrazio Lehiaketaren hainbat saio eta finala ere Ordizian ospatuko dira. Lehiaketa jaialdiaren ekimen klasikoetako bat da, eta antolatzaileen esanetan, kontalarien harrobi garrantzitsua bihurtu da, izan ere, gaur egun jaialdian parte hartzen duten hainbat kontalarik bertan eman zituzten lehen urratsak.

Formakuntzak ere pisu handia izango du aurtengo edizioan. Besteak beste, Estrella Ortiz kontalari ezagunak ahozkotasunari buruzko ikastaro trinkoa eskainiko du, eta Dorleta Kortazar, Iñaki Carretero, Maider Alcelay eta Ixabel Agirresarobe ere arituko dira ikastaro eta masterclass desberdinetan.

Jaialdiaren amaiera ekitaldien artean, X. Euskal Kontalarien Topaketa ospatuko da, eta bertan Urrezko Kalabaza 2026 saria Kike Amonarrizi emango zaio, ahozkotasunaren alde egindako lanagatik. Sari honek jaialdiaren une hunkigarrienetako bat izaten jarraitzen du, ahozkotasunaren alde lan egindako pertsonak aitortuz.

Ahoz Aho Jaialdiak, beste urte batez, hitzaren magia, ahozko istorioen indarra eta kultur transmisioa jarriko ditu erdigunean, Ordizia eta eskualdea ahozkotasunaren mapan erreferente bihurtuz.

Egitarau osoa