Gabonetako eskaintza zabala egongo da Ordizian
“Urteroko legez, aurten ere Gabonetako eskaintza zabala antolatu da Ordizian. Egun bereziak izaten dira familia eta gertukoekin ospatzeko, eta bide horretan adin guztietako pertsonei bideratutako programa osatu dute Ordiziako hainbat eragilek”, agertu du Ainhoa Jimenez, Ordiziako Hezkuntza zinegotziak. Hala, ordiziarren parte hartzea eskertu du: “egitarau hauek osatzeko jende askoren inplikazioa eta lana dago; gehienetan isileko eta ezkutuko lana. Gaurko argazkian ikus dezakegun bezala, asko eta asko dira lanean ibiltzen direnak. Gure eskerrik beroenak helarazten dizkiegu halako egitarau zabal eta aberatsa osatu dugulako elkarrekin, zalantzarik gabe, hori da Ordizia berezi egiten duena, elkarrekin holako gauza ederrak sortzea”.
Izaro Intsausti kultur teknikariak programaren xehetasunak azaldu ditu.
Abenduaren 15-18 bitartean Barrenan Elkartasun astea egingo da Seaska eta Palestinaren alde, Jakintza Ikastolak antolatuta.
Abenduaren 17an, Euskal Herriko XXVII. Txistorra lehiaketa jokatuko da, 10:00etan hasita.
Hurrengo egunean, 17:00etan Mari Domingi antzerkia eskainiko da doan, Herri Antzokian, Hitzaro Euskara Elkarteak antolatuta, eta 19:00etan Gabonetako kalejira egingo dute Musika Eskolako ikasleek.
Kontzertuak ere nagusi izango dira: abenduaren 19an, ostirala, Kalakan taldearen emanaldia izango da, doan, Elizan, 20:00etan. Ordubete inguruko saioa izango da. Abenduaren 21ean, berriz, Elizan Emotiok Gabonetako kontzertua hasiko du 18:00etan.
Aurten, Abenduaren 23an izango da azoka berezia. Goizean hasita abereen erakusketa, Kulki baserriko herri kiroletako jolasak, eta aurtengo urtean nazioartean saritutako gaztandegiei esker oneko ekitaldia izango dira. Arratsaldean Idiazabal Gazta, azokako sagar eta eratorrien dastaketa, eta Oroith abesbatzen eta Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatzaren Gabon kontzertua izango ditugu.
Eguberri bezpera da abenduaren 24a, asteazkena. Herriko abesbatzek eta ikastetxeek kaleak alaituko dituzte, eta Ametsbideren Euskalphotocalla ere jarrita egongo da Barrenan. 12:00etan, Plaza Nagusian Olentzero eta Mari Domingiren ekitaldia izango da; arratsaldean, berriz, 16:00etan abiatuko da bien karroza auzoz auzo igarotzeko. Segidan, Tximistatik Olentzero eta Mari Domingiren desfilearen irteera egingo da. 18:00etan, zaharren egoitzan Eguberrietako emanaldia eskainiko du Oroith abesbatzak.
Abenduaren 25ean Beti Argi Musika Bandaren diana izango da 10:30ean, eta 13:00etan Garagartzan eskainiko dute Eguberrietako kontzertua.
Abenduaren 26an Ordiziako Gabonetako alebin eta kadete mailako futbol txapelketak jokatuko dira Altamirako anexoan.
Abenduaren 27an pailazoen txanda izango da: Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorek ‘Zerua lapurtu dute’ ikuskizuna eskainiko dute Majori Kiroldegian.
Egun berean Ordizia Kirol Sariakeko sari banaketa egingo da 12:00etan, eta XIX. Burrunbazale Eguna ere ospatuko da.
Urteko azken egunetan kirolak ere protagonismoa izango du: 29an XLIII. Gabonetako Nazioarteko txapelketak hartuko du Majori Kiroldegia; goizean sailkapenak izango dira eta arratsaldean finalak jokatuko dira. Eta urteko azken egunean, San Silbestre – Jose Manuel Caballero ‘Txato’ memoriala izango dugu. Errondailak eta Beti Argi Bandak jarriko dute eguneko azken puntua, 19:00etan hasita, ‘Kattalin’ abestuz herrian zehar.
Urtarrila ere indartsu hasiko da Ordizian. Olentzero eta Mari Domingik oparia ekarriko die ordiziarrei, eta Xabin Fernandezen ‘Punpairez’ late show-a eskainiko da, doan, Herri Antzokian 18:30ean. Gonbidapenak Herri Antzokiko lehiatilan lor daitezke.
Urtarrilaren 3an Izan Inurri taldekoek ‘Tabuen kutxatik oholtzara’ bertso saio musikatua egingo dute Herri Antzokian, 18:30ean.
Haurrei begira, Gabon Parkea aurten Majori Kiroldegian eskainiko da. Urtarrilaren 3 eta 4an izango da goiz eta arratsaldez, 11:00-14:00 eta 16:00-19:00, eta urtarrilaren 5ean 11:00-14:00 goizez bakarrik. Sarrera bi eurokoa izango da eguneko (2022an edo ondoren jaiotako haurrek doan izango dute sarrera), eta egunean bertan erosi beharko dira sarrerak Majori Kiroldegian. Haur parkea gogoz hartzen dute haurrek, eta aurten ere haiek izan ditugu gogoan hau antolatzerakoan. Hala, ordiziar txiki eta gaztetxoek, 0-14 urte bitartekoek, haien etxebizitzetan opari txiki bat jasoko dute. Hain zuzen ere, urtarrilaren 5erako doako sarrera bana jasoko dute gutun batean.
Urtarrilaren 5 arratsaldean Erregeen kabalgata Buztuntzatik abiatuko da Plaza Nagusian emanez amaiera. Errege Egunean, urtarrilak 6, Ordiziako Txistularien diana izango da, eta 12:00etan Errondailaren kontzertua, Zaharren Egoitzan.





