Aurtengo Santa Ana jaietako txupinazo nagusia Larrunarri Abesbatzak botako du. Hala ere, berrikuntza nabarmena eskainiko da: herritarrek aukeratuko dute txupinazoa beste zein pertsonak/elkartek botako duen. Urtero urteurrena ospatzen duen elkarteak botatzen du txupinazoa, baina gainerako herritarrei ere aukera zabaldu nahi zaie.

“Herriari egindako ekarpenak kontuan hartuko dira, baita norbere arloan izandako merituak, bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana”, zehaztu du Manex Berzosa kultur zinegotziak.

Proposamenak gaurtik ekainak 25 arte jasoko dira, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean, sare sozial edo 688 817 583 telefonoan whatsapp bidez, eta Barrenan jarriko den kutxan. Zein den proposatutako hautagaia eta zergatik proposatu den adierazi behar da. Taldeak edo norbanakoak izan daitezke.

Jasotako proposamenetatik Udalak jakinaraziko du zein diren lau finalistak ekainaren 27an, eta segidan berriz ere zabalduko da bozketa lau finalista horien arteko bat hautatzeko. Bide beretik eman beharko da bozka, eta pertsonako bakarra. Uztailaren bigarren astean jakinaraziko da nork botako duen Larrunarri Abesbatzarekin batera 2025eko Santa Ana jaietako txupinazo nagusia.