Ekainak 11an beteko ditu Ordiziako Plaza Nagusiak 100 urte. Horren harira, larunbatean, Ordizia Elkartuz ekitaldia egingo dugu.

“Erreferentea da gure plaza, bai ordiziarrontzat, baina hortaz haratago doan zerbait da. Eraikin bezala oso berezia da bere ezaugarriengatik, eta eman diogun erabileragatik ere bai”, agertu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Alde zaharreko bihotzean, Ordiziako almendraren erdigunean kokatzen da Plaza Nagusia. 1512az geroztik egiten da asteazkenero azoka nagusia. Aurrez ere eremu horretan biltzen ziren salerosketak egiteko; garai hartan estali gabeko espazioa zen, baina 1925ean Francisco Gurrutxagaren proiektuari jarraituz Plazari hormigoizko egitura eta teilatua gehitu zitzaizkion. 

“2018an egin genuen lehenengo aldiz Ordizia Elkartuz emanaldia. Momentu hartan Ordizia Hiribildu sortu zenaren 750. urteurrena izan zen, eta aitzakia paregabea izan genuen kultur eragileok elkarlanerako. Orain, Plazaren mendeurrena izanik, berriz ere herriko kulturak Plaza Nagusia hartuko du.  Plazak gordetzen du gure tradizio eta kultura eta mendeurren berezi honetan, Plazan bertan egon nahi izan dugu herriko kultur eragileok, Plaza baita gure erakusleiho nagusia”, azaldu du Izaro Intsausti kultur teknikariak.

Ospakizun betea

Urteurrena ospatzeko kultur eragileak izango dira protagonista nagusiak. Hala, larunbatean 19:30etan hasita guztira dantza, kantu, musika eta antzerkiari lotutako 12 elkarlan ezberdin taularatuko dira. “Gainera, gogoan izan nahi ditugu 2018ko “Ordizia elkartuz” emanaldiaren lehen ediziotik gure artean ez dauden kultur eragileak eta emanaldi honek balio beza, Ordizian dugun kultura ezagutu, balioan jarri eta eragiteko”, zehaztu du alkateak.

Larunbateko emanaldi eder honen ondoren, ekainaren 11, asteazkena izango da mendeurrenaren egun garrantzitsua. Egun horretan, orain dela 100 urte inauguratu baitzen Plaza. Egun honetan Plazaren inguruko erakusketa irekiera eta ekitaldi instituzionala izango ditugu. Gainera, plaka berezi bat ere jarriko da plazan bertan. Asteazkenero ohiko azokara etortzen diren Plazako ekoizleei oroigarritxo bana banatuko diegu, eta arratsaldeko pintxopotean ere keinu bat egingo diogu egun berezi honi.

Mendeurreneko ekintzekin jarraituz, igandean, hilak 15, Plazaren inguruko argazki rallya egingo da Ortzadar argazki taldearen eskutik eta mendeurrena baliatuz, udazkenean ere sorpresaren bat edo beste izango dugu.

“Honenbestez, dei egin nahi diegu ordiziar guztiei larunbatean Ordizia Elkartuz emanaldi berezi honetara etortzeko, Plazaren mendeurrena guztion artean ospa dezagun”, gehitu dute.