Aurten ere, Titirijai Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia aprobetxatuz, Udaleko Kultura Sailak jaialdiko ikuskizunetako bat ekarri du Herri Antzokira. Emanaldia Kultura Familian Bizi zikloaren barruan sartzen da eta Txileko David Zuazola artistaren “Robot” lana aurkeztuko da igande honetan Herri Antzokian, 12:30etan.

Etorkizunean, robotak gizakiekin bizi ziren. Munduak aurrera egiten zuen eta robotek beren lana pertsonei laguntzen egiten zuten, beren kabuz pentsatzen hasi ziren arte. Gobernua ez zegoen horrekin pozik, eta planetako robot guztiak atxilotu eta suntsitzeko agindu zuen. Eta hala, robotak ia desagertu egin ziren. Halako batean, Clara, gurpil-aulkian dabilen neskatoa, etxetik asko urruntzen da eta kontzentrazio-eremu batera iritsi da. Han robot batekin topo egin du, ziur asko Lurra planetaren azken robotarekin. Isiltasunean eta ulermenean oinarritutako adiskidetasun sakona hasten dute. Baina zoria ez dago bere ondoan, eta bereizi egiten dituzte. 70 urte geroago, robota esnatu eta Clararen bila hasi da, aldatu egin den eta intolerantzia eta axolagabetasuna nagusi diren mundu batean.

“Robot” birziklapenarekin egindako ikuskizuna da gehienbat. David Zuazolaren lanetan ohikoa den bezala, mekanismoak, eszenografiak eta pertsonaia bitxiak bestelako mundu berezi batean bizi dira, gizatasunez beteriko istorio indartsuak dituzten konbentzionalismoetatik urrun.  “Robot” ikuskizun berezia da, David Zuazola (Santiago de Chile) eta Unia Teatr Niemozliwy (Varsovia) elkartu dituen koprodukzio txiletar-poloniarra baita. Varsovia hirian 18 hilabetez lanean aritu ondoren, xehetasunez betetako ikuskizun bat jaio da, historia sinple baina esanahiz beterikoa kontatzen duen zentzu artistiko sakon batekin.

David Zuazola aktorea, musikaria, ikus-entzunezko komunikatzailea eta titiriteroa da. Txileko Santiagon jaio zen 1976an, eta antzerkiko eta ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak amaitu ondoren, Bartzelonan kokatu zen. Bertan, antzerki-ikasketak egiten hasi zen berriro, eta titiritero gisa hasi zuen bere ibilbidea, Jordi Bertranen konpainia ospetsuan lehen aktore eta musikari gisa lan eginez. Ondoren, Madrilera joan zen, eta han “Retablo de la Ventana” konpainia sortu zuen. “Cuarta Pared” eskolan sartu zen bere antzerki heziketa jarraitzeko eta “La Compañía del Maldito Martillo” sortu zuen. Gaur egun, Davidek “Scarlattine” teatroan ere lan egiten du, Italiako konpainia italiar gazte garrantzitsuenetako batean.

David Zuazola munduko jaialdirik garrantzitsuenetan dabil bere ikuskizunetan dauden diseinu eta mekanismo bitxiei esker, kritika espezializatuaren mesedea irabaziz eta nazioarteko sari ugari lortuz.

Txotxongilo magiarekin hitzordua igande honetan goizeko 12:30etan Herri Antzokian. Sarrerak Barrenan salgai eta egunean bertan Herri Antzokian.