Igande honetan udal Kultura sailak antolatzen duen familientzako 'Kultura familian bizi' zikloak aurrera darrai. Eguerdiko 12:30etatik aurrera, Kiki, Koko eta Moko pailazoek “Tintxilintxin bakea egin” lana  aurkeztuko dute Herri Antzokian.

1980eko abuztuan sortu zen Azkona taldea, Nafarroako izen bereko herrian, 1978.etik dantza, musika, pedagogia eta beste arlo batzuetako esperientzietatik abiaturik egindako lan batzuen ondorioz. Arlo guzti horiek, gorputz-mugimendua adierazbide eta giza-harremanetarako baliabidetzat hartuta, “kale giroko partaidetzako antzerkia” ildoa jorratuz. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo urtetan aritu ondoren, 1988. urtean Munduko Zirkoko pailazo ikuskizunean parte hartu eta handik jaio ziren orain ezagunak diren Kiki, Koko eta Moko Pailazoak.

Pailazo bakoitzak bere izakera du: Kiki pailazo jolastia duzue, Koko alaia eta Moko inozoa. Pertsonai hauek esketx ezberdinak aurkezten dituzte emanaldiaren arabera, zirkoko teknika-mota desberdinez bailiatuz: monozikloa, joku malabarak, mazak, pilotak eta diaboloak besteak beste. Guzti hau musikaz alaitua eta partaidetza bultzatzen duten jolas eta dantzekin lotuz.

Pello Zabala, Azucena Zabaleta, Ainhoa Ruiz eta Aláyn Pérez de San Román dira taldeko egungo kideak.

Bere azken ikuskizunean, “Tintxilintxin bakea egin,” ate magiko baten istorioa aurkezten dute, bakearen atea, lo zegoela zirudiena, baina pailazoek haurrekin topo egin eta ikuskizuna hasten denean esnatzen hasiko dena.Ateko sekretuen jakitun den emakume azti bat ezagutuko dugu. Azti gaizto eta bortitza ere ikusiko dugu, gerrak maite dituena, emakume aztiari erronka botako diona. Honek publikoaren laguntza eskatuko du eta, azkenik, guztien arao magikoa elkarrekin errezitatuko dute, garaipena emango die eta atea salbu geratuko da.

Txikienentzako eta familia osoarentzako ikuskizun ezin hobea, igande eguerdian Herri Antzokian. Sarrerak salgai Barrena Kultur Etxean eta Herri Antzokiko lehiatilan igandean.