Ostegun honetan Ordiziako Udalak antolaturiko “Bizi Musika” zikloan, hirugarren kontzertua izango dugu Eñaut Zubizarreta “Trigger” musikariaren eskutik. Hitzordua Herri Antzokian, arratsaldeko 19:30etan.

Eñaut Zubizarreta (TRIGGER) biolontxelista, bere bigarren bakarkako lana aurkeztera dator: POLIEDRO Vol.I. Lan honetan, biolontxeloa, musika klasikoari hertsiki lotuta dagoen instrumentua, bestelako esparru batzuetara eramaten du. Horrela, besteak beste hardcorea, post-rocka, stonerra, flamencoa edota technoa entzun ahal izango ditugu, beti biolontxeloa ardatz izanda. Ostegun honetako zuzenekoan trio fomatuan ariko da, Quico Puges eta Jokin Garmendia alboan dituelarik. Alta, loop zein efektu pedalak ere erabiliko ditu, eta performanceari osotasuna emateko Amaiur Luluaga dantzari garaikidea izango du lagun.

Arrasate Musikalen biolontxelo ikasketak egin ostean Bartzelonako Goi Mailako Musika Eskolan ikasketak burutu zituen. Horiek amaitutakoan denbora bat "bakarka trebatzen" ibili zen lengoaia modernoarekin lotutako klaseak jasotzen. Alemaniara salto egin eta bertan "biolontxeloa beste era batera jo daitekeela" deskubritu zuen: "txeloarekin jo daitezkeen korronte asko daude, norberak bere esperientzia pertsonaletik sortzen duelako". Horrek animatu zuen, hain zuzen ere, Poliedro Vol. 1 bezalako zerbait egitera "perspektiba horrekin ahalduntzeko eta, aldi berean, Euskal Herriko interpreteek biharko egunean bertako erreferentziaren bat izateko".

2017. urtean TRIGGER ezizenez ezagutarazi zen euskal eszena musikalean, eta 2019an argitaratu zuen bere bakarkako lehen diskoa (Esku Bi Hamar Hatz, Autoekoizpena). Era berean musika modernoaren lengoaian trebatzen jarraitu zuen Martin Melendez txelistarekin, Kolonian egindako New Directions Cello Festival-en, eta baita era autonomoan ere.

Biolontxeloarekin bide berriak zabaltzen dihardu egun, mundu mailan biolontxeloa interpretatzeko dauden korronteak ezagutu eta Euskal Herrira ekarri, hemen ere jakintza hoiek errotu eta harrobia sortzeko asmoz.

Sarrerak aldez aurretik salgai: Kutxabank-sarrerak (webgunean eta kutxazainetan) eta ostegunean bertan Herri Antzokian.