Gaur, ostirala hasi, eta abenduaren 3ra arte, Barrena Kultur Etxeko Erakusketa Aretoan,  Mari Paz Arrugaeta Ordiziako artistaren pinturak  izango dira ikusgai, baita eskultura batzuk ere. Erakusketa ohiko ordutegia izango du: Astelehenetik ostiralera irekita Barrenako ordutegiarekin (Igandetan eta jaiegunetan itxita).

Erakusketaren katalogoan horrela aurkezten du Arrugaetak bere ibilbidea eta lana: “Txikitatik bizitzak zailtasunak erakusten dizkidan arren, sormenak bere tokia bilatzen du eta irteten saiatzen da. 

1978 – Urtebete Donostian marrazketaren teknika ikasten. Autodidakta moduan jarraitu nuen bakarkako lanean. 

1981 – Nire lanari buruzko iritzi kritikoa nahi nuen, eta Oteizari nire lanen argazkiak bidali nizkion. Jenio handi eta persona zoragarri honek idatziz erantzun zidan.Geroago, Orioko etxera joan nintzaion bisitan.

Nire oroitzapenen baso magikoan hiru edo lau hilabeteko haurtxo bat dago, pago handi baten azpian lo dagoena. Argi-izpiak hostoetan zehar iragazten dira, keinuak eginez.

Argiak, formak eta koloreak grabatuta geratuko dira, haur baten garunean haurtzaroan gertatzen den guztia grabatzen den bezala.

Atzo, gaur eta bihar

Une batean batzen dira

Eta une hori orain da.

Aurkezten ari naizen erakusketan sormenaren iturri agortezina itzultzen da. Lamiak, Basajaun, Mari… oraindik birjina zen naturak guztia irudikatzen zuen iragana: babesa, janaria eta magia.