Udaleko Kultura sailak antolatuta, Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketa aprobetxatuz, Ordiziako parrokiara itzuliko dira abesbatza kontzertuak, Barroko Aire Jaialdiaren XXXVI. edizioaren atariko, zeina Parrokian ere aurkeztuko baita azaroko igandeetan.

COVID-19aren pandemiaren ondorioz iaz izandako geldialdiaren ondoren, Ordiziako eta Goierriko publikoak bi abesbatza talderen ahotsekin gozatzeko aukera izango du, kalitate maila egiaztatua duten taldeak.

Kontzertu-egunak honako hauek dira:

- Urriak 27, asteazkena, 20:00 h. “Coro de Jóvenes de Madrid”

- Urriak 28, osteguna, 20: 00 h. Stockholmeko (Suedia) Sofia Vocal Ensemble.

Madrilgo Gazteen Abesbatzak emango dio hasiera zikloari asteazken honetan. 80 bat kidez osatutako taldea da eta Juan Pablo de Juanek zuzentzen du. Bere ibilbide laburrean, Espainian erreferentziazko eta Europan proiekzio handiena duen gazte abesbatzetako bat izatea lortu du. 2014an sortu zenetik, hainbat kontzertu eskaini ditu kontinenteko hiri garrantzitsuenetan, hala nola, Paris, Erroma, Milan, Venezia, Budapest, Tallinn edo Berlinen. Horrezaz gain, nazioarteko jaialdi ugaritan parte hartu du, esaterako XI. World Symposium on Choral Music ekitaldian (Bartzelona), EUROPA CANTAT ekitaldiaren XIX. eta XX. edizioetan –Hungarian eta Estonian, hurrenez hurren-, edota Frantziako Choralies jaialdiaren 22. eta 23. edizioetan.

Jardun beteko ibilbidea egin duenez, “Coro de Jóvenes de Madrid” abesbatzak lehiaketa askotan eskuratutako sariz bete du bere palmares oparoa: Ejea de los Caballeroseko XLIV. Abesbatza Lehiaketa, Torreviejako Nazioarteko Habanera eta Polifonia Lehiaketaren 62. eta 65. edizioak, Villa de Rojaleseko 38. Sehaska Kanta eta Gabon Kanten Lehiaketa Nazionala, 8. Eterna Roma Nazioarteko Musika Jaialdia eta San Vicente de la Barquerako Marinel Kantuen LI. Lehiaketa. Gainera, 2020an gazte-abesbatza honek eman zion hasiera Torreviejako Nazioarteko Habanera eta Polifonia Lehiaketaren 66. edizioari.

Abesbatza 16 eta 30 urte bitarteko 80 bat abeslarik osatzen dute, eta, gaztea izan arren, abeslari beteranoak dira jada; izan ere, elkarrekin egindako ibilbide luzeaz gain, horietako askok haur abesbatzetatik bizipenak metatzen dituzte. Ezagutza horrek ematen duen esperientziari esker, errepertorio zabaleko abesbatza bat eratzea lortu da, konplexutasun tekniko eta bokal handiko obrei kaudimen eta azkartasun handiz heltzen diena. Bide berri hau Madrilgo Gazteen Abesbatza osatzen duten neska-mutilentzat lagunartean musika bizitzeko ametsa da, eta ikusleek, gazteek bereziki, musika koralaren magian parte hartzea lortzeko ilusioa.

Eta ostegunean Stockholmeko Sofia Vocal Ensemble suediar taldearen txanda.

Bengt Ollének Stockholmen sortu zuen Sofia Vokalensemble abesbatza, eta oraindik orain bera da taldearen zuzendari artistikoa. Bere emanaldietako ezaugarri nagusia da abesbatza-soinu suediarra, hau da, soinu goxo eta liriko bat, eta nazioarteko eszenan ezagun egin da bere taula gaineko presentziagatik.

Bach, Poulenc, Pärt eta Schnittke konpositoreen musika ohikoa da bere egitarauetan. Halaber, hainbat obra orijinal estreinatu ditu, besteak beste musikari hauenak: Jaakko Mäntyjärvi, Fredrik Sixten, Jacob Mühlrad, Sven-David Sandström, Matthew Peterson eta Karin Rehnqvist. Sofia Vokalensemble abesbatzak bere jardunaren oinarritzat ditu musikarekiko maitasuna, bikaintasunaren bilaketa eta zuzendariarekiko harreman hurbila, beti bihotzetik abiatuta, izan entsegu arrunt batean, bidaia batean, lehiaketa batean edo eszenatoki atzean. Eta jakina, elkarren ondoan taula gainean.

Bengt Ollén sortzaile eta zuzendari musikalak Gösta Ohlin eta Gunnar Eriksson maisuekin egin zituen bere ikasketak Göteborgeko Musika eta Drama Akademian. 1981az geroztik, hainbat koro arrakastatsu sortu ditu eta lanean jarraitu du bere gaitasunak hobetzeko. Ollén maiz deitzen dute lehiaketetako epaimahaikide, jaialdi, tailer nahiz kontzertuetako zuzendari eta musika irakasle lanetan aritzeko, bai Suedian bertan eta baita ere nazioartean. 1994 eta 2018 urteen artean kantu koraleko irakasle izan zen bigarren hezkuntzako Stockholms Musikgymnasium eskola ezagunean. Bere abesbatzek arrakasta handia izan dute mundu osoko hainbat lehiaketatan.

Hitzordu bikoitza beraz, asteazkenean eta ostegunean Ordiziako Eliz Parrokian, arratsaldeko 8etan, azaroko igandeetan ospatuko den “Barroko Aire” programaren aperitibo gisa.