Ikasturte berriarekin batera gogotsu helduko die Ordiziako Irakurle Taldeak irailaren 24an irakurketa eta solasaldi berriei. Ordiziako Irakurle Taldea hilean behin elkartzen da Barrenan azken hilabetean irakurgai izandako liburuaren inguruan solasean aritzera. Euskal Literaturako zortzi liburu irakurri zituen taldeak iazko ikasturtean eta aurtengo ikasturterako irakurgaien zerrenda osatua dute. Irailean hasi eta ekainera bitartean hamar liburu irakurriko dituzte eta horien inguruan solasean aritzeko tartea hartuko dute. Liburuak Ordiziako Udal Liburutegiak jartzen ditu eskuragarri eta beraz, taldean parte hartu nahi duenak nahikoa du liburutegira hurbildu eta liburua eskatzearekin. Ordiziako Udalaren laguntzaz, Irati Goikoetxea beasaindarra arduratuko da aurten ere tertuliak gidatzeaz; bere hitzetan sentipen, bizipen, esperientzia eta iritzi trukerako oso gune aberatsa da Irakurle Taldea. Ordiziar guztiak gonbidatu  eta animatu nahi dituzte ateak zabal-zabalik dituen taldean parte hartzera.

Paco Rocaren “Zimurrak”

Paco Rocaren “Zimurrak” komiki liburuarekin emango diote ikasturteari hasiera. Besteak beste, Alzheimer gaitza eta zahartzaroko dementzia ditu kontagai liburuak; sentikortasun samurrez landua dago muina, tarteka umore ukituren batekin, baina sekula karikaturan erori gabe. Zimurrak albumak Komikiaren Sari Nazionala bereganatu zuen 2008. Urtean. Dagoeneko liburua liburutegian eskatu eta eskura dezake Irakurle Taldean parte hartu nahi duenak. Irailaren 24an Barrena Jauregian elkartuko da taldea arratsaldeko 18:00etan liburuaz solasean aritzeko.

Ikasturtean zehar irakurriko dituzten gainerako liburuak: urrian “Dendaostekoak” (Uxue Alberdi), azaroan “Erabili goldea hilen hezurren gainetik” (Olga Tokarczuk / Itzultzailea: Amaia Apaulaza), abenduan “17 segundo” (Kirmen Uribe), urtarrilean “Herriak ez du barkatuko” (Irati Goikoetxea), otsailean “Goliat eta izarrak” (Patxi Zubizarreta), martxoan “Bakean utzi arte” (Itxaro Borda), apirilean “Miñan” (Amets Arzallus / Ibrahima Balde), maiatzean “Arroz urez” (Mikel Antza), ekainean “Alter ero” (Bertol Arrieta).