Ordiziako Mendi Lasterketa igandean jokatuko da, 14 eta 21 kilometroko bi probarekin
Igande honetan jokatuko da Ordiziako Mendi Lasterketa, Ordiziako mendietan eta herrigunean barrena egingo den hitzordu berezia. Proba honek mendia eta herria lotzen ditu, eta aurten ere mendiko lasterketaren zale ugari bilduko ditu Ordizian.
Aurtengo edizioan bi distantzia izango dira aukeran. Alde batetik, 14 kilometroko lasterketa, 600 metro inguruko desnibel positiboarekin, Agorta eta Ioia ingurura igotzen den ibilbidearekin. Bestetik, 21 kilometroko proba, 1.000 metro inguruko desnibelarekin, Murumendira igotzen den ibilbide exijenteagoa. Bi lasterketak Ordiziako Plaza Nagusian hasi eta bukatuko dira.
Korrikalarien ongizatea eta segurtasuna bermatzeko, anoa-guneak jarriko dira ibilbidean zehar, besteak beste Agortan, Murumendin eta Ioian.
Aurten 200 korrikalari inguru espero dira, eta horien artean ia %17 emakumezkoak izango dira. Antolatzaileek bereziki azpimarratu dute gazte askoren parte-hartzea, 25 urtetik beherako korrikalari ugari izena emanda baitaude, mendiko lasterketen etorkizunaren erakusgarri.
Parte-hartzaileen artean Goierriko korrikalari ugari izango dira, besteak beste Ander Biguri, Jon Rodriguez, Manu Unanue, Julen Balerdi edo Joseba Leunda; eta emakumezkoen artean, Intza Urrestarazu, Nora Anton, Lara Ugalde eta Ane Zubiarrain, beste askoren artean.
Izena emateko epea larunbatera arte egongo da zabalik, kronoak.com webgunearen bidez.
Antolatzaileek gogorarazi dute lasterketa hau aurrera eramateko boluntarioen lana eta babesleen babesa ezinbestekoak direla, eta eskerrak eman dizkiete guztiei. Gainera, iganderako eguraldi egonkorra espero denez, herritarrak eta bisitariak animatu dituzte Ordiziara hurbiltzera, korrikalariei babesa ematera eta giro ona sortzera.
1968tik
Ordiziako Mendi Lasterketak bere sustraiak 1968an ditu. Urte hartan, Rubio eta Eskitxabel korrikalariek apustu bitxi bat egin zuten: Larraiztik San Migelera joan-etorria egitea, Rubiok ordubeteko abantailarekin korrika, eta Eskitxabelek oinez. Azkenean, Eskitxabel izan zen irabazlea, eta gertaera hura izan da gaur egun ezagutzen dugun lasterketaren abiapuntua.
Apustu hura omentzeko asmoz, 2018an antolatu zen lehen aldiz Ordiziako Mendi Lasterketa, jatorrizko ibilbidean eta taldeka. Urteek aurrera egin ahala, proba egokitzen eta hazten joan da, eta 2023an jauzi garrantzitsua eman zen: Aralarko ibilbidea atzean utzi, eta lasterketa Ordizia eta inguruko mendietara ekarri zen.





