Urpeko igeriketako hitzordu garrantzitsua hartuko du Ordiziak larunbatean
Larunbat honetan, urtarrilaren 31n, Ordiziak urpeko igeriketako hitzordu garrantzitsu bat hartuko du Majori kiroldegiko igerilekuan. Ordizia K.E. Urpekoak taldeak antolatuta, E.H.U.I.F.-ren laguntzarekin eta Ordiziako Udalaren babesarekin, XIII. Ordizia Urpekoak Saria txapelketa jokatuko da.
Guztira 240 igerilarik hartuko dute parte 16 taldetan banatuta. Parte-hartzaileen artean erkidego desberdinetatik etorritako taldeak ez ezik, Frantziako bi talde ere izango dira, eta bertan izango dira Europako eta Munduko txapelketetan lehiatu diren maila handiko igerilariak ere.
Txapelketa bi jardunalditan banatuko da: goizez 09:30etik 12:30era eta arratsaldez 16:30etik 20:00etara. Hegatsak erabiliz egiten den igeriketa modalitateak erritmo bizia eta ikusgarritasun handia eskaintzen du, eta kirol honen zale zein herritar guztientzat ikuskizun erakargarria izango da.





