Otsailaren 4an egingo da Ordizia Mendi Lasterketa
1968. urtean, bi ordiziarrek, Eskitxabel eta Rubio, Aralar inguruan egin zuten mendi lasterketa apustua, Larraitz-eko eta San Miguel de Aralar-eko ermitak batzen dituen joan-etorriko ibilbidean zehar. Orain urte batzuetatik hona ingurune horiek bihurtu dira Ordiziako Mendi Lasterketako bide, eta Txindoki Atletismo Taldeak antolatuko du aurtengo saioa.
Ordiziako Mendi Lasterketa, 2024ko otsailaren 4an, 10:00etan da. Irteera eta amaiera puntua Ordiziako plaza nagusia izango da. Hiru lasterketa izango dira aurten antolatu direnak. “Hiru ibilbide izango ditugu: 21, 14 eta 7.8 kilometroko luzerakoak. Gure inguruko mendi inguruak ezagutzeko aukera paregabea da lasterketa hau, eta aurten, hiru luzera izanik aukeran, jendeak parte hartuko duela espero dugu. Edonork har dezake parte lasterketa hauetan”, nabarmendu du Jon Ander Caballero, kirol zinegotziak. Edonork parte hartzeaz gain aparteko sailkapen bat ere osatuko da federatu korrikalariekin, izan ere lasterketa hau Espainiako txapelketetarako sailkagarria izango da, martxoan autonomien arteko Trail txapelketarako, hain zuzen ere. Hori horrela izanik federatuek 21 kilometroko ibilbidean parte hartuko dute. Federatu eta 23 urtez azpikoek 14 kilometro egingo dituzte eta 20 ,18 eta 16 urte azpikoek 8 kilometro.
Hiru ibilbide
Maratoi erdia (21 km): 1.000 metroko desnibel positibo eta negatiboarekin, eta hau elite mailako atletek osatuko duten ibilbidea izango da.
Bigarren ibilbidea 14 kilometrokoa izango da, 600 metroko desnibel positibo eta negatiboarekin. 23 urtez azpiko kategorian parte hartzen duten atletek egingo dute ibilbidea, baita distantzia hori egin nahi duten pertsona guztiek ere.
Hirugarren distantzia laburrena da, 7.8 kilometrokoa izango da. 400 metroko desnibel positiboa eta negatiboa ditu, eta lasterketa hau 20 urtez azpiko, 18 urtez azpiko eta 16 urtez azpiko kirolariek egiteko aukera izango dute.
Izen ematea www.kronoak.com webgunean egingo da. Egun berean ezingo da izen ematerik egin. Dortsal guztiak irteera gunean banatuko dira, Ordiziako plazan 8:00etatik aurrera. Derrigorrezkoa izango da NANa aurkeztea dortsala eskuratzeko.
Antolakuntzak hiru ano postu jarriko ditu: ura, fruta (platanoa eta naranja) eta gel batzuekin. Korrikalari bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du, eta hura izango da beteko dena.
Lasterketa amaitu ondoren egingo da sari banaketa. 21 kilometroko distantzian 100 euro eta garaikurra eramango du irabazleak, bigarrenak 50 euro eta garaikurra eta hirugarrenak 30 euro eta garaikurra.