1968. urtean, bi ordiziar, Eskitxabel eta Rubio, Aralar inguruan egin zuten mendi lasterketa apustua, Larraitz-eko eta San Miguel de Aralar-eko ermitak batzen dituen joan-etorriko ibilbidean zehar, hain zuzen. Txindoki AT taldeak hartu du aurten antolakuntza, Udalaren babes eta laguntzarekin.

“Ibilbide berbera jarraitzen zituzten lau edizio antolatu eta gero, aurten, Ordiziara gerturatu nahi izan dugu mendi lasterketa, plazatik irten eta inguruko mendiak zeharkatuz, Murumenditik behera Ordiziako plazara iristen den ibilbide batean”, zehaztu du Jon Ander Caballero, kirol zinegotziak.

Ordiziako Mendi Lasterketa, 2023ko otsailaren 12an, goizeko 09:00etan izango da. Irteera eta amaiera puntua Ordiziako plaza nagusia izango da. Izen ematea, berriz,  www.kronoak.com webgunean egingo da. Egun berean ezingo da  izen ematerik egin. Dortsal guztiak irteera gunean banatuko dira, Ordiziako plazan 7:00etatik aurrera.
Derrigorrezkoa izango da NANa aurkeztea dortsala eskuratzeko.

Ibilbidea: maratoi erdia (21 km): lasterketak maratoi erdiko distantzian egingo da, 1.000 m desnibel positibo eta negatibo izango dituelarik. Plazatik abiatuz Mariarats aldera, Agorta ingurutik Murumendi aldera hartuko dute bidea eta Pagorriagatik Murumendira igo eta Ordiziara itzuliko dira Ioiatik.

Kategoriak hauexek izango dira: Master+45, Senior, -23 eta ordiziarrak mutiletan eta nesketan Master+40, Senior, -23 eta ordiziarrak.

Goierri Kopa Trail

Gure lasterketa Goierri Kopa Trail lasterketen Ligako bigarren lasterketa da. Liga honen helburua, goierrira, jendea erakartzea da, bai parte-hartzaile eta baita ikusleak ere. Ligak bi kategoria ditu: Luzea (Trail): 20 - 26 km artean 1200 - 1700 m d+ Motza (Sprint): 10 - 17 km 500 - 900 m d+ Ordizikoa Trail distantziaren lehen lasterketa izango da. Zirkuitoa 9 lasterketek osatzen dute.