Abenduaren 29an jokatu zen Gabonetako Nazioarteko igeriketa txapelketa Majori-Altamirako igerilekuan. Bertan, emakumezkoen kategorian Simona Kubova izan zen lehen postua lortu zuena, Francesca Fangio bigarrena, eta Lidón Muñoz hirugarrena. Gizonezkoetan lehen postua Hugo González de Oliveirak lortu zuen, bigarrena Mateo Millik eta Alejandro Calderón hirugarrena. 

Lau modalitatetan lehiatu ziren parte hartzaileak. 50 eta 100 metrotan tximeleta, bizkar, bular eta estilo librean, hain zuzen ere. Horrez gain, lau estiloak uztartu zituzten 100 eta 200 metroko probetan. Atal bakoitzean gizonezkoak eta emakumezkoak lehiatu ziren, eta igeriketa egokituak ere bere lekua izan du aurtengo Gabonetako txapelketan.

Euskal Herriko igeriketa txapelketarik garrantzitsuena da Gabonetako Nazioarteko Txapelketa, eta Espainiar estatuko garrantzitsuenetakoa. 1983tik jokatzen da, eta dagoeneko 5.000 igerilaritik gora izan dira bertan parte hartu dutenak, horietako asko olinpikoak izatera ere iritsi direnak.