Kiroleko hainbat alorretan sakontzeko asmoan, martxan jarri da Ordizian Bultzkiroltek egitasmoa. “Hainbat entrenatzaile eta prestatzailerekin ikerketa eta teknifikazio talde bat  sortu dugu”, zehaztu du Odilo Rivela, Majori-Altamirako gerenteak.

“Guretzako oso pozgarria da kirolak Ordizian duen presentzia, erreferente baikara. Eta bide horretan, kirol desberdinek dituzten gakoak eta ezaugarriak gehiago ezagutzeko aukera izango dugu egitasmo berritzaile honi esker”, gaineratu du Jon Ander Caballero, Ordiziako kirol zinegotziak.

Hilabetero, artikulu bat argitaratuko da eta landuko diren gai-zerrenda zabala da: errendimendu arloa, osasun arloa, arlo soziala edo heziketa arloa… Hala ere, ez da mugatua izango, eta lantaldea sendotuta kirol arloko ikerketak burutzea ere badute asmotzat. Argitaratuko diren lehenengo artikuluak aurreratzen dizkizuegu:

-Kirolaren onurak

-Entrenamenduaren oinarriak

-Kirola eta emakumea

“Talde profesionala izango dugu argitalpen hauen atzean”, aurreratu du Caballerok. Hain zuzen ere, honakoak izango dira: Iñaki Arratibel: Tolosa kirol medikuntzaren arduraduna, kirol medikua eta EHUko irakaslea; Ane Etxezarreta, Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzian graduatua; Koldo Armendariz, Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzian graduatua eta Ordizako Kofit zentroaren arduraduna; Juanma Rivela: Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzian graduatua, Custom4 sareko biomekanikoa eta Ordiaziako Sasoian kirol zentroaren arduraduna, eta  Odilo Rivela, Jarduera fisikoa eta kirolaren zientzian graduatua.

Argitalpen guztiak bultzkiroltek Facebookeko perfilean eta laster zabalduko dute Instagrameko kontua ere, izen berarekin.