Futbola, eskubaloia eta saskibaloiko norgehiagokak, eta atletismoko mitin-a Aupatv.com plataformaren bidez jarraitu ahalko dira

Larunbat honetan bertan, Ordiziako kirol taldeen emanaldiak zuzenean ikusteko aukera zabalduko da. Udalak Akhonmedia ikus-entzunezko enpresarekin batera hitzarmen bat abiatu du, eta goi mailan jokatzen duten kirol taldeen partidak zuzenean erretransmitituko dira modu honetan. Hain zuzen, Akhonmediak sortutako proiektua da Aupatv, eta modu honetan Ordiziako kirol partidak eskainiko zaizkie herritarrei eta interesa dutenei. Guztiak Aupatv.com plataformaren bidez ikusgai izango dira. Gainera, behin emanaldiak amaitu ostean, Ordiziako Udalaren Youtubeko kanalean geldituko dira partidak, nahi duenak bertan ikus ditzan.

“Ordiziako Udalak kirolaren alde egiten duen apustua tinkoa da, eta gaur aurkeztu dugun proposamenak eskaintza zabaldu eta herritarrei bertako kirolarien kirol saioak jarraitzeko aukera emango die”, azaldu du Jon Ander Caballero, Ordiziako Kirol zinegotziak. Oraingoz, futbol, eskubaloi, saskibaloi eta ekainaren 19an egingo den atletismoko miting-a eskainiko dira. Hala ere, zinegotziak honakoa adierazi du: “hauek izango dira oraingoz egingo diren zuzeneko erretransmisioak, baina beharren arabera joango gara egokitzen eta aztertzen ea beste zenbait kiroletako partidak ere eskaini ditzakegun zuzenean”.

Covid19aren agerpena dela eta, partida horiek guztiak ateak itxita eta publikorik gabe egiten ari dira, eta bide horretan, Caballerok nabarmendu du “arazoari irtenbidea” emateko modu “ezinhobea” dela hau, modu honetan nahi dutenek partidak ikusteko aukera izango baitute, doan eta zuzenean.

Honakoa da egitaraua:

- Martxoak 6, larunbata, 11:30etan futbolarekin hasiko da ekimena. Ohorezko erregional mailako Ordizia Kirol Elkarteak eta Zarautz Kirol Elkarteak jokatuko dute partida Altamira zelaian.

- Martxoaren 7an, igandea, eskubaloiko senior nesken partida erretransmitituko da. Hala, 12:00etan, Majorin jokatuko dute Ordiziabiok2 eta Pulpo taldeak.

- Martxoaren 13an, saskibaloiaren txanda izango da. Senior 1. Nazionaleko Ordizia eta Getxoren saioa ikusgai izango da 18:00etatik aurrera.

- Martxoaren 20an, ohorezko erregionalaren futbol partida emango da. 16:00etan hasiko da Ordizia eta Oiartzunen arteko lehia, Altamiran.

- Martxoko zuzeneko emanaldiak, martxoaren 21ean amaituko dira, eskubaloiko senior 1. Nazionalaren partidarekin. 12:00etan, Ordizia Siglo XX eta Soraluce BKE taldeak izango dira.