Ordiziako Udalak Mugikortasun Plana eguneratuko du eta hori osatzeko herritarren iritziak jasoko ditu. Horregatik, Udalak dagoeneko inkesta bat abiatu du eta edonork eman ahalko du bere iritzi edo ekarpena. www.ordizia.eus helbidean aurki daiteke inkesta, honako hizkuntzetan: euskara, erdera, ingelesa, frantsera, errumanierra eta arabiera.

“Oso garrantzitsua da udalerri irisgarria izateaz gain, Mugikortasun Plana eguneratua izatea. Ordizia 2030 Ekintza Planeko 12.14 puntuan aurreikusten genuen bi ekintza ziren Irisgarritasun Plana eta Mugikortasun Plana eguneratzea. Lehenengoa egin da, eta orain bigarrenaren txanda dugu”, zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Hain zuzen ere, Endara Ingeniaritza izango da Mugikortasun Plan honen eguneraketa garatuko duena. Honako helburuak ditu, besteak beste:

  • Egunero egiten diren bidaietan jendearen ohituretan eragitea, efizientzia energetiko handiago bat bilatuz, ahalik eta errekurtso gutxien kontsumituko dituen modu aldaketa bat eman dadin. 
  • Norberaren mugikortasuna arduratsuagoa eta iraunkorragoa izan dadin, oinezkoentzako eta txirrindularientzako sareak osatu eta hobetuko dira, garraio publikoaren erabilera bultzatzeko neurriak proposatuko dira, adibidez.
  • Oinezkoen segurtasuna eta pertsonen osasuna zaintzea: Haur, adineko eta elbarriei mugikortasuna erraztea, “8-80 hiria” sustatuz.

Plana aurrera eramateko martxan jarriko den prozesuak hiru fase izango ditu, bakoitzean zuzeneko parte-hartze saio bat egongo da.

1. Diagnosia: Oinezko, bizikleten eta ibilgailu motordunen sarea aztertuko da, baita garraio publikoaren zerbitzu eta erabilera ere. Halaber, herritarren ohiturak eta kezkak/beharrak jasoko dira. Zure ekarpen eta iritzia oso baliagarria zaigu (bete galdetegia: https://www.ordizia.eus/mugikortasuna). Herritarren ekarpenak aurrez-aurre jasotzeko, batzarra egingo da maiatzaren 18an, asteazkena, 18:00etan Udaletxeko batzar aretoan. Batzarrean, herriko mugikortasuna hobetzeko dituzten ideiak jasoko dira.

2. Proposamenak: Galdetegian bertan dago lehen ekarpenak egiteko aukera. Iraila hasieran proposamenak egin ahal izango dira aurrez-aurre. Saio berean azalduko dira diagnosiaren emaitzak. Lanaren aurkezpena burutuko da azaroan egingo den azken batzarrean.

3. Aurkezpena: taldean proposamenak komentatzeko aukera izango da. Aurkezpen bileraren ondoren eta hilabeteko epean, alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte herritarrek.