Treba gurasoak Ordizia programa

Treba Gurasoak prestakuntza programa aurkeztu du Ordiziako Udalak. “Iaz lehenengo aldiz antolatu ziren lau hitzaldi Treba Gurasoak programaren baitan, eta izan duten erantzuna dela eta, aurten ere Ordiziako gurasoei zuzendutako beste hiru hitzaldi izango ditugu”, azaldu du Ainhoa Jimenez zinegotziak.

Hiru saio hauek haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko baliagarriak dira, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuaren laguntzarekin, Ordiziako Udaleko Gazteria Departamentuak antolatu du formazioa. Hiru saio horietatik bat tailerra izango da, eta beste biak hitzaldiak. “Iaz gurasoei galdetu zitzaien ea zien gai interesatzen zitzaizkien, horiek lantzeko. Eta horregatik osatu dugu programa hau”, gehitu du zinegotziak.

Lehenengo saioa Haurren emozioen laguntzaileak: nola zaindu seme-alaben emozioak da. Urtarrilaren 19an eta 26an eskainiko da, 17:00-19:00, D´elikatuzen. Donna Apellanizek gidatuko ditu bi saioak. Bi orduko bi saio egingo dira, seme-alaben emozioek eguneroko bizitzan duten garrantzia nabarmentzeko eta tresna emozionalak eskuratzeko, familian sor daitezkeen arazo eta gatazken aurrean erabiltzeko. Hori guztia metodologia dinamiko batekin landuko da (teoriko-praktikoa). Haurrekin hezkuntza emozionala landu nahi bada, lehenik helduok egin behar dugu, emozioak gure inkontzientetik datozelako, eta, beraz, ezin ditugu landu ikasketa teoriko batekin bakarrik. Teorian oinarrituta, kasu praktikoak landuko dira, emozioak lantzeko hunkitu egin behar baita. Horretarako, Donna Apellaniz prestatzailea izango dugu, adimen emozionaleko irakaslea eta terapeuta emozional sistemikoa. Tailer hau hamabi urte arteko haurren gurasoentzat da.

Euskaraz egingo da eta izena ematea eskertuko da, https://labur.eus/4Amhu, 943 80 56 34 / 682 17 11 22 telefonoan.

Bigarren saioan sexualitatea landuko da: zer egin dezakegu gure haurrek sexualitate aske eta osasuntsua izan dezaten. Saio hau otsailaren 14an landuko da, 17:30-19:00, Barrenan. Eider Goiburu hezitzaileak gidatuko du hitzaldia.

Hirugarren saioan bullying-ari helduko diogu, nola sortu ingurune seguruak bullying egoera minimizatzeko. Martxoaren 23an izango da, 18:00-19:30, Barrena Kultur etxean.