“Ordiziako gazteen errealitatea, erronkak eta kezkak ezagutu nahi ditugu”, azaldu du Jon Ander Caballero, Ordiziako gazteria zinegotziak. Hala, parte hartze prozesu berri bat jarri da martxan gazteekin elkarlanean Udaleko gazteria programa eraikitzeko eta erronkak identifikatzeko. “Ordiziako gazteekin batera, gazte programa imajinatu eta diseinatu nahi dugu. Gazteriaren interesak, erreferenteak eta nahiak ezagutu, guztion artean ekintza programa bat definitu ahal izateko”, gehitu du. Horretarako, Tinc kooperatibarekin batera jarri da martxan prozesua.

Inkesta martxan da

Prozesuak 3 fase desberdin izango ditu: lehenengoan, plataforma digital baten sorrera dago. Osoigo Next-en laguntzarekin eta bertan inkesta labur baten bidez datu batzuk jasoko dira ondorioak atera ahal izateko eta gogoa duten gazteak identifikatzeko ondorengo faseetan parte har dezaten. Plataforma honen helburua gazteekin konexioak sortzen hastea da, gero beraiekin elkarrizketa eta eztabaida zuzenak izan ahal izateko. Gazteria.ordizia.eus webgunea sortu da horretarako, eta gazteek bertan parte hartzen hasi daitezke dagoeneko. Urtarrilaren 20a bitartean egongo da horretarako aukera.

Bigarren fasean, ideazio prozesu bat egingo da, horretarako, Tinc-eko kideak prozesu gidatu baten bidez Ordiziako gazteei lagunduko diete ideiak eta proposamenak prestatzen gero udalari aurkeztu ahal izateko. Fase honetan gazteen sormen eta proposamen gaitasunak landuko dira eta aukera emango zaie nahi duten etorkizuna imajinatu, landu, eta prozesuaren parte izateko.

Hirugarren eta azken fasean, amaiera ekitaldia borobiltzeko ospakizun bat egingo dugu. Egun berezi bat izango da non bozketa baten ondoren sarituak izango diren proposamenei eta pertsonei eskertuko zaien egindako lana eta, hasiera emango zaio gazteek eta Udalak udalerrian egiteko hobekien baloratutako proposamena abian jartzeko faseari.

“Egitasmo hau aukera bikaina da Ordiziako herrian zer hobetu daiteken gazteen ikuspuntutik proposatzeko eta aurrera eramateko”, amaitu du zinegotziak.