Ordiziako Udalak 449.600 euroko laguntza jaso du, bidegorri berriak eta bizikletentzako aparkalekuak egin eta mugikortasun aktibo eta iraunkorra sustatzeko, Next Generation dirulaguntza-funtsaren bidez.
Dagoeneko hasi dira Ordizian bidegorri zati berria eraikitzeko lanak eta Bizkaia pasealekuko bidegorri atala izango da egingo dena, hain zuzen ere, Tximistako zubitik San Joan auzoraino. Bi zubien artean 540 metroko distantzia dago, eta berrikuntza honekin batera Ordiziako bidegorri sarea bakarra izango da, eta jarraia. Guztira 4.532 metro izango ditu bidegorri sareak.
Construcciones Otegui Gaztañaga S.L. izango da lanak burutuko dituen enpresa eta lau hilabeteko iraupena izango dute horretarako, beraz, urte amaierarako amaituta egotea aurreikusten da. Laguntza 449.609 eurokoa da eta Ordiziako Udalak 67.493,74 euro jarriko ditu, beraz, lanen aurrekontu osoa 517.102,74 eurokoa izango da BEZa barne (427.357,64 euro + 89.745,10 euro (%21 BEZ)).
“Orain arte bidegorri sarean etenak zeuden, eta horiek gainditzea du helburu Bizkaia pasealekuan egingo den bidegorri zatiak. Erabaki estrategikoa izan da, eta herritarren iritzia ere jaso dira erabakiak hartzerako orduan. Hasiera batean Buztuntzako Oria ibaiaren ibarretik doan pasealekutik egitea aurreikusten bazen ere, auzoan egindako parte-hartze prozesuan bizilagunek pasealekuari ematen zioten balioa aintzat hartuta, eremua bere horretan auzoaren oinezko gune bezala mantentzea lehenetsi da”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Ordizia laguntza hau lortu duen udalerri bakarra da
Deialdia lehiaketa bidezkoa izan da, eta Ordiziak aurkeztutako proiektuak eskatutako diru-laguntza lortu du. Espainiako Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren Ministerioak bultzatu duen laguntza programa hau, 50.000 biztanletik beherako herriei dago zuzendua, eta Ordizia da, Euskal Herri mailan, laguntza hori lortu duen udalerri bakarra.
Lortutako NEXT diru-laguntzen inguruan aipatu duenez, “udal gobernutik esfortzu itzela egin da diru-laguntza hau lortzeko, edo irabazteko, ze azpimarratu nahi nuke, lehiaketa batean, alegia estatu osoko udalerrietako beste proiektu askorekin norgehiagokan irabazi dugula diru-laguntza hau, aurkeztu dugun proiektuaren kalitateagatik. Ez digu inork ezer oparitu. Eta dagoeneko lortzen dugun hirugarren NEXT laguntzaz ari gara. Guztira 4,5 miloi euro lortu ditugu Ordiziarentzat, eta ez da kasualitatez izan”.
Ordizian finantziatutako beste proiektuetako bat izango da hau, izan ere, aurretik turismoko lerroan ia 3 miloi (Oiangu, Delikatuz eta Gaztandegia) eta merkatuen lerroan beste miloi 1 (Plaza eta azokako osagarriak) lortu baititu dagoeneko Ordiziako Udalak. Bidegorria burutzeko epea 18 hilabetetakoa izango da, eta udalak dagoeneko eskura dauka lanak lizitatzeko beharreko den exekuzio proiektua. Lanen aurrekontu orokorra 500.000 euro ingurukoa izango da eta datorren urte hasieran esleitzea aurreikusten da.
Ordiziako bidegorria sarea bitan banatuta dago gaur egun; hego-mendebaldeko zatia da handiena, 2.715 metrorekin, eta Beasaingo mugan dagoen CAF lantegitik, Zaldibiako mugan dagoen ORKLI lantegiraino luzatzen da. Bi mutur hauen artean, Oria ibaiaren ibarretik doan bidegorriak ibaiaren alde batean eta bestean dauden ibarrak lotzen ditu, tartean erdigunea, tren geltokia, kiroldegia, eta eraikin publiko nagusiak, baina ez dauka jarraipen edo loturarik bere muturretan. Bidegorri ardatzaren bidegurutze garrantzitsua da Tximista zubiko gunea, bertan bi adarretan banatzen baita.
Ipar-ekialdeko zatiak berriz, 1.277 metro ditu, eta Itsasondoko mugatik Tolosaraino luzatzen den bidegorriarekin lotuta dago. San Joan auzoan garatzen da nagusiki, baina ez dauka sarearen beste zatiarekin loturarik.