Ordiziak berriro egin dio lekua musika barrokoari Barroko Aire musika zikloaren XLI. edizioarekin. Azaroan zehar bost emanaldi izango dira, musika klasikoaren zaleei zein musika mota honetara gerturatu nahi dutenei zuzenduta.
Manex Berzosa Kultura zinegotziak eta Izaro Intsausti Kultura teknikariak aurkeztu dute aurtengo egitaraua Barrenako Kultur Etxean. Aurkezpenean, zikloaren programazioaren xehetasunak eta Ordiziako kultur eskaintzan duen garrantzia azaldu dituzte.
Berzosak azpimarratu du musika barrokoak ere baduela bere lekua Ordiziako kultur bizitzan, eta Barroko Aire zikloak aukera ematen duela musikaren historiako garai aberats horretara hurbiltzeko, interprete bikainen eskutik. Era berean, zikloak herriko kultur eskaintza aberasten duela eta musika barrokoa publiko gehiagorengana gerturatzen laguntzen duela nabarmendu du.
Egitaraua azaroaren 1ean hasiko da, Matias Sagreras organistaren emanaldiarekin. Azaroaren 8an, Musbika taldeak Garairik gabeko gitarra proposamena eskainiko du.
Azaroaren 15ean, Oiasso Kameratak Valentin Larrea Iturberen 150. urteurrena dela eta, konpositoreari lotutako ganbera-musika aurkeztuko du. Urteurrenaren harira, azaroaren 6an, Ahanzturatik itzulia dokumentala eta liburua aurkeztuko dira D’Elikatuz zentroan.
Zikloak aurrera jarraituko du azaroaren 22an, Euskal Barrok Ensemble eta Oroith Txiki Ordiziako abesbatzaren parte-hartzearekin. Azkenik, azaroaren 29an, Emotio eta Easo Sinfoniettak Magnificat lana interpretatuko dute, Kim André Arnesenen musikarekin.
Barroko Aire zikloak, beste urte batez, musika barrokoaren aberastasuna ezagutzeko eta musikaz gozatzeko aukera eskainiko du Ordizian, eta, aldi berean, herriko kultur eragileen parte-hartzea eta tokiko ondare musikalaren ezagutza sustatuko ditu.