Ordiziako Udaleko Kultura Sailak, Udal Liburutegiarekin batera, "Liburu Baby Kluba" jarduerari ekingo dio berriro,  Mestiza Elkartearen laguntzarekin, eta aurrez aurreko saioaren ordez, jarduera online egingo da, youtubeko udal-kanalaren bidez. Lehen online saioa datorren ostiraletik aurrera egongo da ikusgarri, irailak 17, goizeko 10:00etatik aurrera. Hala, hiru bideo izango dira eskuragarri jarriko direnak herritarrentzat.

Liburu Baby Kluba 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da. Jarduaren ardatza eta abiapuntua liburua da eta helburu nagusia umeengan txikitatik eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da. Liburu Baby Kluba ekintza kulturanitza da eta horregatik, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez garatzen da.

Pandemiangatik saio presentzialak bertan behera utzi dira eta horien ordez saio bakoitzeko edukiak bost minutuko iraupena izango duten hiru bideotan jasoko dira: abestiak, poesiak, liburuen irakurketak eta literaturaren mundu magikoa ezagutzeko gomendioak.

Bideoren bidez garatuko diren saioetan familiek ipuinez eta abestiez gozatuko dute elkarrekin, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Ipuinetako narratzaileak hauexek dira: Mónica Gracia (euskara), Josie Yañez (ingelesa) eta Ana Molina (gaztelania)