Ordiziako Merkatuaren Eraldaketa Digital eta Iraunkorrerako Planaren exekuzioa bere amaierara iritsi da. Hainbat arlotako ekintzak bildu ditu, merkatuari, merkataritzari eta merkatariei eta udalerriari kontsumitzaileen beharretara egokitzeko eta merkataritza-eredu digital, iraunkor eta erakargarri baterantz aurrera egiteko aukera emango dietenak. 2025 urtea hasieran burutu dugu proiektuaren itxiera fasea eta bertan garaturiko ekimenak aurkeztu dira gaur.
Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, "azoka biziberritzeko planaren barruan, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dira, eta horretarako ikusten genuen elementu berri batzuen beharra". Hala, orain arte azokako plazan egin diren berrikuntzez gain, sukalde mugikorrak, pop up elementuak eta hondakinen kudeaketarako edukiontzi berriak instalatu dira, baita soinu ekipamendu berria eta azokako wifi irekia ere. "Elementu hauekin, Next dirulaguntza lerroaren bidez azokan egin diren berrikuntza guztiak bukatutzat" eman ditu alkateak. Hauek dira, zehatz mehatz, egin diren azken instalazio eta berrikuntzak:
Takila adimentsuak merkatarien eskura: Udaletxeko arkupetan jarritako takila frigorifiko eta ez frigorifikoen erabilera Ordiziako merkatariei zabaltzeko pausoa eman da, nahiz eta asteazkenetan lehentasuna azokako saltzaileek izango duten.
