Ordiziako Udalak, bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei laguntzeko asmoz ‘Ordizia Bizi herria’ bonoak sortu zituen. Bi txandatan banatu zen; lehenengoak 181.000 euro inguruko diru sarrera eragin du Ordiziako establezimenduetan, eta bigarrenak 270.000 euro ingurukoa. Beraz, herritarrak bonuen erabileraren bitartez egindako erosketa horiek ia milioi erdiko inpaktua ekarri du herrira.

“Gustura gaude abian jarritako kanpaina honek izan duen erantzunarekin. Gure herria bizirik mantentzeko ezinbesteko lana egiten duten sektoreak dira, eta gainera, gure helburua herritarrek herrian kontsumitzea da, herriko komertzio txikien aldeko apustua egitea”, azaldu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Lehen txandaren ondoren, bigarren txanda urriaren 29an abiatu zen, eta bono horiek erabilgarri izan dituzte ordiziarrek abenduaren 31a bitartean. Bi kasuetan Ordiziako etxe guztietara banatu ziren 20 euroko balioa zuten bonoak, 4.650, hain zuzen ere. Lau zatitan zegoen banatuta bono bakoitza, hala, gastua establezimendu batean baino gehiagotan egiteko aukera izan dute ordiziarrek.

Gaur egungo egoeran merkataritza baita ostalaritza sektoreak izan dituzten zailtasunekin sentsibilizatu dira herritarrak orokorrean eta hauen erantzuna ona izan da herriko saltokietan erosketak egiteko orduan. Herritarrak bonuen erabileraren bitartez egindako erosketa horiek diru-sarrera nabarmena eragin du herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen sektoreentzat eta Udalak, erosketa horietan erabili diren bonuak dendariei ordaintzeko bideratu duen laguntza, guztira, 87.000 eurokoa izan da, 36.000 euro lehenengo txandarako, eta bigarrenerako 51.000€.

89 establezimendu

Bigarren txanda honetan 89 izan dira parte hartu duten saltokiak (lehenengo txandan baina bi gehiago), hauen artean 28 sektore desberdinetakoak; ehungintza, oinetakoak, edergintza, optikak, ostalaritza, dekorazioa, etxetresna elektrikoak, elikadura, kirola, bitxigintza, turismoa, etab.

Bigarren txandan lehenengo txandan baino 3000 bonu (5€koak) gehiago erabili dira. Kontutan hartuta lehenengo txanda ekainetik irailera izan zela, lau hilabete, eta oraingo honetan azarotik abendura, bi hilabete, esan daiteke herritarraren erantzuna hobea egin duela. Azaroan, bonuen trukea positiboa izan zen, baina abenduan nabarmen handitu zen, Gabonetako kanpainari begira.

Aitor Velazquez, Ordizian merkatari elkarteko teknikaria: “Bono kanpaina honen balorazioa oso positiboa izan da bai herritarren aldetik, eta baita ere merkatarien ikuspegitik. Ordiziar askok bonoak erabili dituzte erosketak egiteko, eta laguntza-kate baten parte izan dira”.