Altamirako estadioak World Athletics Continental Tour Bronze zirkuituko proba hartuko du berriro, Txindoki Atletismo Taldearen antolakuntzapean
Ordizia berriro ere atletismoaren erreferente izango da asteburu honetan. Jose Antonio Peñaren omenezko Ordiziako Atletismo Mitinak hamargarren edizioa ospatuko du larunbatean, uztailaren 4an, 17:55ean hasita, Altamirako estadioan. Azken urteotan etengabe hazten joan den hitzorduak nazioarteko mailako atleta ugari bilduko ditu aurten ere, World Athletics Continental Tour Bronze egutegiaren barruan.
Gaur goizean egin da ekitaldiaren aurkezpena, eta bertan izan dira Txindoki Atletismo Taldeko ordezkariak, babesleak eta erakundeetako ordezkariak. Ordiziako Udalaren izenean, Adur Ezenarro alkateak eskerrak eman dizkie ekitaldia posible egiten duten pertsona guztiei. "Horrelako ekitaldi baten atzean dagoen lana askotan ez da ikusten. Boluntarioek, antolatzaileek eta udaleko langileek egiten duten lan isil hori da gaur egun Ordiziako Mitina maila honetara iristea ahalbidetu duena."
Alkateak nabarmendu du mitinak Ordiziarentzat harrotasun iturri izaten jarraitzen duela, eta gaur egungo arrakasta ez dela kasualitatea, urte askotan egindako lanaren emaitza baizik.
"Hau ez da egun batetik bestera sortutako ekitaldia. Duela hamarkada batzuk Ordizian atletismoaren alde egindako apustuaren emaitza da, eta ondo egindako lanaren jarraipena."
Azkenik, Adur Ezenarrok gogorarazi du aurten Txindoki Atletismo Taldeak 50 urte beteko dituela, eta bi urteurrenen arteko lotura azpimarratu du. "Ordiziako Mitina ezin da ulertu Txindoki Atletismo Talderik gabe. Klubaren mende erdiko ibilbidea da gaur egun dugun mitinaren oinarrietako bat, eta horregatik urte berezia izango da aurtengoa."
Hazten jarraitzen duen hitzordua
Hamargarren edizio honetara iritsita, Ordiziako Mitina Euskal Herriko atletismo egutegiko hitzordu nagusietako bat bihurtu da. 2022an nazioarteko izaera hartu zuen, eta iaztik World Athletics Continental Tour Bronze zirkuituaren barruan dago.
Txindoki Atletismo Taldeak antolatzen duen ekitaldiak urtez urte kalitatezko atletismoa eskaintzea du helburu, baina baita berdintasuna, inklusioa eta ikusgarritasuna sustatzea ere. Horren erakusgarri dira emakumeen presentzia gero eta handiagoa eta desgaitasuna duten kirolarientzako probari eusten jarraitzea.
Berrikuntzak eta ikusleentzako hobekuntzak
Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu. Altamirako estadioan harmaila osagarriak jarriko dira, 1.200 ikuslek eserita jarraitu ahal izan dezaten lehiaketa. Gainera, familientzako aisialdi eskaintza zabalduko da, eta ikusgarritasuna hobetzeko argiztapen berezia ere izango du ekitaldiak.
Lehiaketa hasi aurretik, ostiralean 20:00etan, parte hartuko duten atleta nagusien aurkezpen ofiziala egingo da Ordiziako erdigunean.
Goi mailako atleta ugari Ordizian
Aurtengo mitinak nazioarteko eta estatuko atletismoaren izen garrantzitsuak bilduko ditu. Besteak beste, Oscar Husillos, Mariano García, Asier Martinez, Fatima Diame, Maria Vicente, Lorea Ibarzabal eta Ander Garaiar izango dira Altamirako pistan lehiatuko diren kirolarietako batzuk.
Jasangarritasunaren aldeko konpromisoa
Mitinak ingurumenarekiko duen konpromisoa ere sendotu du. Antolakuntzak urteotan jasangarritasunaren alde egindako lana aitortuz, gaurko aurkezpenean ekitaldiak jasangarritasun ziurtagiria jaso du.
Larunbatean, beraz, Altamirako estadioak berriro hartuko du nazioarteko atletismoa, Ordizia kirolaren mapan erreferente izaten jarraitzen duen ekitaldi batekin.
Gogoratu, sarrerak salgai daudela ondorengo estekaren bidez: https://3cket.com/es/event/x-ordizia-meetina
Gainera, zuzeneko emisioa ere egingo da (hurrengo egunetan iragarriko da konexiorako esteka) eta ETBren bidez.