Ezkio-Itsasoko Deba harategiak irabazi du Euskal Herriko II. eta Gipuzkoako XXVII. Odolki lehiaketa, gaur goizean, Ordizian. 175,5 punturekin lortu ditu bi txapelak. Bigarren postuan Zaldibiako Bekokarnizerie harategia, 175 punturekin, eta Ordiziako Mujika Harategiak ere 175 puntu lortu ditu. Puntu berdinketa izan bada ere, lehenengo fasean izandako puntuazioa hartu da kontutan. Laugarren Durangoko Alberdi harategia (166 puntu) eta bosgarren Txarri-Txiki harategia (161,5 puntu).
Ordiziako Udalak Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkartearekin batera antolatu dituzte bi sariketak. Euskal Herriko txapelketako irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jaso du, eta bigarren eta hirugarren tokian sailkatutakoak diploma eta garaikurra bana jaso dute; laugarren eta bosgarren sailkatuei diploma. Euskal Herriko I. Odolki lehiaketako lehen gipuzkoarrak Gipuzkoako XXVII. lehiaketako saria izan du, txapela, garaikur eta diplomarekin.
Odolki onena zein den erabakiko duen epaimahaia gastronomia eta beste arlo batzutako adituez osatu da: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia), Arantxa Arrizabalaga (Kattalin Erretegia, Beasain), JAKITEA elkarteko Andoni Chinchilla (HK10 Hotela, Urnieta) eta MAHAIA kolektiboko Mertxe Inza (Iriarte Jatetxea, Berrobi) sukaldariak., Juanma Garmendia (FECOGA kofradia gastronomikoen federazioko lehendakaria); Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza) eta Eli Belauntzaran (Diario Vasco) kazetariak, Antxon Corral (CEBANC ostalaritza eskolako hezkuntza zuzendaria) eta zozketaz erabaki den Ordiziako herritar bat.
Odolkia dastatzerakoan, azken batean, txiki-txiki eginda doazen osagaien artean oreka behar du: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Barazkiek berdin samar txikituta egon behar dute.
Lehiaketa honen bitartez, betiko produktu honen kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi da. Halaber, kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita Euskal odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere.
Lehiaketa martxan dagoen bitartean, Ordiziako Jakintza Ikastolako ikasleak odolki pintxoak saldu dituzte eta lortutako diru sarrerak ikasleek aukeratutako helburu batera bideratuko dira.