Image
Image

Bizikidetzarako Mahai Politikoaren Memoriaren Eguneko adierazpena

Bizikidetzarako Mahai Politikoaren Memoriaren Eguneko adierazpena

Gaur, azaroak 10, Memoriaren Egunean, uztailean, Ordiziako herriarekin  hartu genuen konpromisoa berritu nahi dugu. Bizikidetzarako Mahai Politikoak, ia bi legealdi lehenago hasitako bideari jarraituz. Denbora  honetan guztian, modu diskretuan lan egin dugu, foku publikotik urrun, prozesu garrantzitsuek, denbora, elkar entzutea eta konfiantza behar dutela sinetsita. Elkarrekin jarduteko, elkarrizketarako eta akordioetarako urteak izan dira, baina bide horretan, desadostasun ugari ere izan ditugu. Alabaina, sentsibilitate politiko desberdinak ditugun  pertsonak izan arren, mahai baten inguruan esertzea erabaki dugu, helburu partekatu bat dugulako: gure udalerrian bizikidetza sendoago bat lortzea, giza eskubideen errespetua eta pertsona guztien duintasuna erdigunean jarriz.

Ez da beti bide erraza izan. Gure iragan hurbilaz hitz egiteak sentiberatasuna, zintzotasuna, eta sarritan, entzuteko zaila egiten zaigun hori entzuteko borondatea eskatzen baititu. Izan ere, desberdin pentsatzen dugunean ere, elkar entzuteko borondate horretan datza, prozesu honen benetako balioa.

Gaur, ekitaldi honetan, biktima guztiak aitortu nahi ditugu, biktima bakar bat ere atzean utzi gabe, biktimak, eta baita aitortuak izan ez diren euren familiak ere.

Badakigu inolako erakundek  ezin duela indarkeriak eragindako mina konpondu. Baina, jasandako sufrimendua publikoki aitortu dezakegu, eta hala aitortu behar dugu, biktima guztien oroimena duindu, eta aldi berean, garbi adierazteko, haien oinazeak komunitate osoari eragiten digula.

Jakin, badakigu, oraindik, gure udalerrian izandako giza eskubideen urraketa guztiak, eta motibazio politikoko indarkeriak eragindako sufrimendu oro sakonago ezagutzeko bide luzea dugula egiteko.

Bizikidetzarako Mahai Politikotik, pertsona guztien bizitzeko eskubidea, duintasuna eta askatasuna, inongo salbuespenik gabe defendatzen ditugula adierazi nahi dugu. Giza eskubideen edozein urraketa eta motibazio politikoko edonolako indarkeria arbuiatzen ditugu, burutu duena, dena delakoa dela era. Horregatik, Mahai Politikoa, Baketik Fundazioarekin batera, eta Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak garatutako metodologiari jarraituz,  ikerketa-lan bat burutzen ari da, Ordiziako sufrimenduaren mapa osatzeko. Lan zorrotz eta ahalik eta zehatzenaz ari gara, gure herriaren iragan hurbila markatu duten giza eskubideen urraketa, bestelako indarkeriazko gertakari eta sufrimendu guztiak argitzeko helburu irmoa duena, ondoren, herriko biktima guztiak aitortzeko.

Badakigu, lan honek denbora, elkar-entzutea eta adostasunak bilatzea eskatuko dizkigula. Baina badakigu, era berean, gure iragan hurbilean gertatutakoa zintzoki ezagututa soilik eraiki ahal izango dugula memoria partekatu bat, biktimak eta haien familiak erreparatzeko bidean. Lan honek biktima guztien aitortzarako bidea zabalduko digu, herritarrei irekitako aitortza ekitaldi publiko batekin gauzatuko dena.

Jendarte gisa, egia guztiak ezagutzeko, desberdin pentsatzen dutenekin esertzeko, inoiz entzun nahi izan ez duguna errespetuz entzuteko, eta besteen sufrimendua aitortzeko gai izateko erantzukizuna dugu, nahiz eta haien kontakizuna eta geurea erabat desberdina izan. Hori da, urte hauetan egindako lanak utzi digun ikaskuntza handienetako bat. Badakigu gure gizarteak luzaroan haustura sakona bizi izan duela, eta neurri batean bizi duela egun. Isiltasuna, mesfidantza eta herri berean bizi garen pertsonen arteko urruntasuna nagusitu dira. Errealitate hori gainditzeak ez du esan nahi gure ideiei uko egin behar diegunik, ezta kontakizun bakarra eraiki behar dugunik ere. Baina hainbat eta hainbat pertsonak jasandako sufrimendua aitortzeko gai izan behar dugu, baita denbora luzez antipodetan sentitu dugunaren sufrimendua aitortzeko ere. Benetan uste dugulako, bizilagun garen heinean, desadostasunak errespetatuz, printzipio komunak partekatzeko gai garela.

Horregatik, elkarrizketarako gune seguruak sortzearen garrantzia defendatzen dugu. Entzutea, hitz egitea bezain garrantzitsua izango diren guneak. Non desadostasuna, ez den mehatxu gisa jasoko, ondokoa hobeto ulertzeko aukera gisa baizik. Denok berdin pentsatu beharrik gabe, adostasunak eraiki ahal izango ditugun guneak; elkarbizitza ez delako aho batekotasunetik sortzen, elkarrekiko errespetutik, giza eskubideekiko errespetutik eta iritzien aniztasunarekiko errespetutik baizik.

Bere iragan hurbila ezagutuko duen Ordizia bat nahi dugu, biktima guztiei, berdintasunean, errespetuan eta enpatian oinarritutako bidea egiten lagunduko dien Ordizia bat. Elkarbizitza ehuntzeko gai izango dena, inork bere ideiengatik, nortasunagatik edo beste edozein baldintzarengatik indarkeria berriz jasango ez duela bermatuko duena.

Jakin badakigu, horraino iristeak gertatutakoa gogoratzea baino zerbait gehiago eskatzen duela; elkarri begiratzea eta elkar aitortzea eskatzen digu, baita gure istorioak, ideiak edo bizipenak oso desberdinak direnean ere. Sufritu duten pertsona guztiei eta euren senideei, eta gertatutakotik ikasi eta etorkizuna bakean eraikitzeko eskubidea duten belaunaldi berriei zor diegu komunitate gisa.

Bukatzeko, aditzera eman nahi dugu, hemen gauden eta berritzen ari garen espazio honetan, memoria gune bat eraiki nahi dugula, herriko biktima guztiak eta aitortuko dituena eta bizikidetzaren eta elkar ulertzearen ikur bihurtu nahi duena.

Bizikidetza Mahaiko ordezkariak:

  • Adur Ezenarro Agirre eta Jon Ander Caballero Zubelzu (Ordiziako EHBildu)
  • Joseba Aranburu Ganzarain eta Jose Ignacio Iturrioz Gotor (Ordiziako EAJ)
  • Viviana Murillo Cazar eta Mila Sukia Galparsoro (Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos Ahal Dugu)
  • Ana Sanchez Herraz eta Carlos Gonzalez Astiz (PSE-EE Ordiziako Talde Sozialista)

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza