Ordiziako Udalak dirulaguntza partida onartu du herriko kirol elkarteek antolatutako prestakuntza euskaraz egin dadin sustatzeko. Ekimenaren helburua da euskararen presentzia indartzea kirol arloan, eta elkarteei laguntza ematea beren jarduerarekin lotutako ikastaroak euskaraz eskaintzeko.
Dirulaguntzak Ordiziako kirol elkarteentzat dira, baldin eta kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko Udalarekin hitzarmena sinatuta badute eta antolatutako ikastaroa euskaraz ematen bada. Gainera, elkarteek Gizarte Segurantzarekiko, Ogasunarekiko eta Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean izan beharko dituzte, eta dirulaguntzen araudi orokorrean jasotako baldintzak bete.
Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 4an amaituko da. Eskabideak Ordiziako Udalaren webguneko zerbitzu telematikoen bidez aurkeztu beharko dira.
Eskaerarekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: behar bezala betetako eskabide-inprimakia, euskaraz emandako prestakuntzaren deskribapen zehatza —ordu kopurua, parte-hartzaile kopurua eta landutako edukiak jasota—, eta prestakuntzaren gastua egiaztatzen duen faktura edo ordainagiria.
Informazio gehiago eta deialdiaren oinarri osoak Ordiziako Udalaren webgunean.