Europako Mugikortasun Astearen harira, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak berriro jarriko du martxan ‘Jarri prest zure bizikleta MUGIrekin’ ekimena, gipuzkoarren artean mugikortasun-ohitura jasangarriagoak eta osasungarriagoak sustatzeko helburuarekin. Horretarako, irailaren 23an, asteazkena, Azahara Domínguez buru duen departamentuak bizikletak oinarrizko mailan konpontzeko zerbitzua eskainiko du Beasainen eta Ordizian, furgoneta-lantegi baten bidez, MUGI txartela aurkezten duten pertsona guztientzat. Era berean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, beharrezko laguntza eskainiko die MUGI txartela eskatu eta, horrela, sistema horrek eskaintzen dituen abantaila guztiak baliatzen hasi nahi duten pertsonei.
Diputatuak azaldu duenez, furgoneta-lantegia 10:30etik 14:00etara egongo da Beasaingo Erauskin plazan eta 16:00etatik 20:00etara Ordiziako plaza nagusian.
Aurreko edizioetan bezala, furgoneta-lantegira hurbiltzen diren pertsonek bi bizikletaren zozketan parte hartu ahal izango dute, baita MUGI txarteletan 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan ere.
Gazte-gaztetatik mugikortasun jasangarria sustatzeko scape rooma
Azahara Domínguezek nabarmendu duenez, ekimen hau herritar guztiei zuzenduta badago ere, arreta berezia jartzen du belaunaldi gazteenengan, izan ere, “txikitatik hartzen ditugun mugikortasun-ohiturek garrantzi handia dute gizarte gisa gure etorkizuna eraikitzeko orduan”.
Horregatik, edizio honetako berritasun nagusia da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak ‘Misteria Topo Express-ean’ jarduera Beasainera eta Ordiziara eramango duela. Scape room horrek 45 eta 60 minutu arteko iraupena du, eta modu ludiko eta oso entretenigarrian, garraio publikoaren garrantziaz, MUGI sistemaren abantailez eta balioez sentsibilizatzea ahalbidetzen du, baita gazteen mugikortasun autonomoagoa sustatzea ere.
“Balio horiek haurtzarotik sustatzeak belaunaldi berriek mugitzeko modu jasangarriagoak eta osasungarriagoak bereganatzea errazten du, eta horiek bizitzan zehar mantentzea ere errazagoa izango da. Ohitura horietan heztea eta laguntzea Gipuzkoa berdeago bat prestatzen laguntzeko modu bat ere bada, gure ingurunearekiko eta pertsonen osasunarekiko errespetu handiagoa duen mugikortasunarekin”, adierazi du Azahara Domínguez diputatuak.
Jokoa arrakastaz amaitzen duten pertsonek ere bi bizikletaren zozketan parte hartuko dute, baita MUGI txarteletan 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan ere.
“Mugikortasun jasangarriago baten alde egitea ez da ingurumenari dagokion kontua soilik: gizarte-justiziaren eta aukera-berdintasunaren kontua ere bada. Garraio publikoak eta oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriek aukera ematen diete pertsonei autonomia handiagoz mugitzeko, ibilgailu pribatu bat izatearen edo beste pertsona batek garraiatu ahal izatearen mende egon beharrik gabe. Horregatik, hauek bezalako ekimenek Gipuzkoa aurrerantz eramaten laguntzen digute, pertsona guztiek, eta bereziki gazteenek, mugikortasun osasungarriagoa, irisgarriagoa eta autonomoagoa izan dezaten, aldi berean lurralde berdeago eta bidezkoago bat eraikitzen dugularik”, amaitu du Azahara Domínguezek.
Bestalde, Leire Artolak, Beasaingo alkateak, honako hau esan du: "Mugikortasun jasangarria sustatzea Beasaingo Udalaren helburu eta ardatz nagusietako bat da. Beasainen, udalerriko gunea zeharkatzen duen ardatza oinezko eta bizikletentzat egokitua dago, eta horregatik bizikleta erabiltzea errazten dugu. Ez hori bakarrik: inbertsioen bidez sare hau handituz jarraitzen dugu, eta une honetan eraikitzen ari gara Olaberriarekin lotuko den bide berde berria, oinez zein bizikletaz erabilgarri egongo dena. Horregatik, Aldundiaren ekimen hau aprobetxatzera deitzen ditut beasaindarrak, MUGI txartela erabiliz bizikletak prest jar ditzaten eta modu ludikoan mugikortasun jasangarria beren eguneroko ohituretan txerta dezaten, kontzientziazioa norbanakotik hasten baita."
Ordiziako alkate den Adun Ezenarrok gogoratu du “Ordiziak bizikletaren erabilera sustatzea du helburu, herritarren eguneroko mugikortasunerako aukera jasangarriagoak eskaintzeko. Horren adierazle da azken urteotan bidegorri sarea handitzeko eta mugakide ditugun udalerriekin lotzeko egin dugun lana. Tximista eta San Joan zubiak lotu dituen azken handitzearekin, guztira, 4.532 metroko bidegorri sarea dugu gaur egun, eta bidegorri sarea Tolosaraino heltzen den bidegorriarekin batu da. Hurrengo lotura Ordizia eta Beasain artekoa izango da, isolatuta zegoen Ordiziako sarea Goierriko eskualdekoan guztiz txertatzeko.Azpiegitura hauek garatzea beharrezkoa da bizikletaren erabilera errazteko eta herritarren eguneroko joan-etorrietarako garraiobide jasangarriagoak eskaintzeko”. “Mugikortasunaren Astea, beraz, aukera ona da mugikortasun ohituren inguruko hausnarketa sustatzeko eta herritarrak garraiobide jasangarriagoak erabiltzera animatzeko. Ildo horretan, Aldundiak Ordizian antolatutako ekimenek ere ekarpen interesgarria egiten dute", gaineratu du.