Ordiziako Udal Gobernu Taldeak Zaldibiako ikasleek eta familiek eskola-garraioa bermatzeko egindako aldarrikapenarekin bat egin du.
Gaur, Zaldibiako ikasleak eta familiak Oianguren BHIn elkarretaratzea egin dute, eskola-garraio publikoa berrezartzea eskatzeko.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak elkartasuna adierazi die, eta hezkuntzarako eskubidea eta ikasleen joan-etorri seguruak bermatzearen garrantzia azpimarratu du.
Eskaera zehatza
Ordiziako Udalbatzak, uztaileko Osoko Bilkuran, Zaldibiako Udalak eskola-garraioa bermatzearen alde onartutako adierazpenarekin bat egitea onartu zuen.
Adierazpenak Eusko Jaurlaritzari erabakia berrikusteko eta eragindako familiekin elkarrizketa irekitzeko eskatzen dio, ikasleentzat konponbide bidezkoagoa eta seguruagoa bilatzeko. Era berean, Zaldibiako Udalak eskola-garraioa bermatzearen aldeko ekimenetan parte hartzeko konpromisoa jasotzen du, erabakia atzera botatzen ez bada.
Orain, ikasturte hasieran, Zaldibiako ikasleek eta familiek mobilizazioekin jarraitzen dute garraio publikoa berrezartzeko eskatuz.