Ordiziako Udalak eta Ordiziako erretiratuen eta pentsiodunen Zuhaizti elkarteak 2026-2027 ikasturterako Aktibatu zaitez! programa aurkeztu dute gaur. Ekimenaren helburua da 60 urtetik gorako herritarren artean zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzea, eta, horretarako, jarduera fisikoa, ongizatea, harreman sozialak, autonomia eta parte-hartzea bultzatzea.
Jon Ander Caballero zinegotziak azpimarratu duenez, “aktibo mantentzea funtsezkoa da adinean aurrera egin ahala, ez bakarrik osasun fisikoari dagokionez, baita ongizate emozionalari, harreman sozialei eta autonomia pertsonalari dagokienez ere”. Zentzu horretan, “Zuhaiztin eskaintzen den programa aukera zabala da pertsona bakoitzak bere interesen eta beharren arabera jarduerak aurkitzeko, baina baita beste pertsonekin harremanak egiteko eta herriko bizitza sozialean parte hartzen jarraitzeko ere”.
Programak zahartze aktibo, osasungarri, ahalduntzaile, arduratsu, solidario eta parte-hartzailearen aldeko apustua egiten du, ongizate fisiko, psikologiko eta sozialean eragina duten jardueren bidez. Programazioak proposamen kulturalak, sozialak, prestakuntzakoak eta jarduera fisikokoak uztartzen ditu, autokudeaketan eta erabiltzaileen partaidetzan oinarritutako elkarte-eredu batetik abiatuta.
Ikasturte honetan, besteak beste, gimnasia lasaia, pilatesa, erlaxazioa, areto-dantzak, abesbatza, eskulanak, adimena lantzeko jarduerak, xakea, irakurketa, informatika, autonomia tailerra, euskara eskola eta asteroko ibilaldiak eskainiko dira. Horrez gain, hitzaldiak, jaialdiak, txangoak, ibilbide kulturalak, txapelketak eta antzerkiak ere antolatuko dira.
Aurtengo berritasunen artean, euskararen hastapeneko ikastaro bat, zero mailakoa, eskainiko da, AEKrekin eta Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean. Helburua da euskararekin lehen harremana izan nahi duten pertsonentzako aukera erraztu eta gertukoa eskaintzea.
Programak, gainera, udalerriko beste eragile eta ekimen batzuekin elkarlanean jarduten du, hala nola AEK, Majori eta La Caixa Fundazioarekin, baita Udalaren beste programa batzuekin ere, tartean Goazen Ordizia.
Aktibatu zaitez! programaren jarduerak urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Egunean, hasiko dira ofizialki, eta ikasturtearen amaiera ekaina eta uztaila bitartean izango da.
Programa 60 urtetik gorako eta lanean ari ez diren edo pentsiodunak diren pertsona guztiei zuzenduta dago.
Informazioa eta izen-emateak: Zuhaiztiko bulegoan, asteazken eta ostegunetan, 10:30etik 12:30era.