Ordiziako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu irailaren 19an, larunbatean, Oiangun. Goizean, 10:00etan, belar-meta egiteko auzolana egingo da, eta herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta. Auzolanaren bidez, Oianguko ingurunea zaintzeko lanetan parte hartzeko aukera izango da.
Astronomia gaua
Arratsaldean, berriz, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ordiziako Udalak Astronomia Gaua egingo dute beste urte batez. Jarduera doakoa izango da.
17:00etan, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako Eguzkiaren sekretuak tailerra egingo da. Eguzkiak argia eta beroa nola sortzen dituen, eguzki-orbanak eta Eguzkiak bizitzarako duen garrantzia ezagutuko dituzte parte-hartzaileek. Tailerrean parte hartzeko aurrez izena eman behar da, Aranzadiren webgunearen bidez.
Iluntzean, 20:30etik 22:00etara, gaueko zeruaren behaketa egingo da. Teleskopioen bidez, izarrak, konstelazioak eta une horretan ikusgai izango diren beste zeru-objektu batzuk behatzeko aukera izango da. Gaueko behaketan parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar.
Bai auzolana, bai Astronomia Gauako jarduerak eguraldiaren arabera egingo dira. Baldintza meteorologikoek aukera ematen ez badute, jarduerak bertan behera geratuko dira.