Image
Image
Oria ibaia eta Amundarain eta Mariarats errekak garbitzeko lanekin jarraitzen du Udalak

Ordiziako Udalak azken urteetan bezala, aurten ere, ibai eta errekak garbitzeko kanpaina abian du. Maitane Alvarez alkateordea eta Rosa Aurkia, Laiakoopeko teknikaria, Oria ibaian eta Amundarain eta Mariarats erreketan egiten ari diren garbiketa-lanak bertatik bertara ezagutu dituzte.

Maitane Alvarez alkateordeak azpimarratu duenez, “garrantzitsua da urtez urte jarduketa honekin aurrera jarraitzea, ibai eta erreken egoera zaintzeko eta gure ingurune naturala babesteko”. “Urtero jasotzen dugun hondakin kopuruak erakusten digu lan hau beharrezkoa dela. Garbiketa puntual batekin ez da nahikoa; ibaiak zaintzea etengabeko lana da, eta Udaletik konpromiso horri eutsi nahi diogu”, azaldu du.

Alkateordeak, gainera, gogorarazi du ibaietara iristen den zaborra ez dela bertan geratzen. “Ibaiak itsasorako bidea dira, eta hemen kentzen dugun hondakin bakoitza Kantauri itsasora iritsiko ez den hondakin bat da. Horregatik, tokian tokiko jarduketa honek badu eragin zabalagoa ere”, gaineratu du.

Ia 30 tona zabor, 2018tik

Ordiziako Udalak azken urteetan egindako garbiketa-kanpainen emaitzek erakusten dute lan horien beharra. 2018 eta 2025 urteen artean ia 30.000 kilogramo zabor jaso dira Oria ibaiaren eta udalerriko erreken garbiketa-lanetan.

Guztira, beraz, ia 30 tona hondakin kendu dira, eta hondakin horiek Kantauri itsasora iristea saihestu da.

Aurtengo garbiketa-lanak egiteko, Udalak Txukun Lorazaintza S.L. enpresa kontratatu du. Lanak larunbatean hasi ziren eta hamar bat egunez luzatuko dira.

Garbiketa eskuz egiten da, makinarik erabili gabe. Ibai eta erreken ertzetan kateatuta edo pilatuta dauden hondakinak banan-banan jasotzen dituzte langileek. Behin uretatik eta ertzetatik aterata, kamioian kargatu eta garbigunera eramaten dituzte, bertan sailkatu eta pisatzeko.

Lanak bukatzear daudela, kanpaina honetan bildutako zabor kantitatearekin kezka adierazi du Alvarezek: “Kopuru handia jaso da, nahi baino gehiago. Horrek erakusten du, ezin dugula ekiteari utzi”. Orain arteko pisaketek, 2.300 kiloko emaitza eman dute.

Aurtengo kanpainan, gainera, garbiketa-lanak aurreratu egin dira, euriak hasi eta ibaien emaria handitu aurretik hondakinak atera ahal izateko. Gauzak horrela, ertzetan eta uraren ibilguan pilatutako hondakinak jaso ahal izan dira.

2030 Agenda eta Ordizia 2030 Ekintza Plana

Ibai eta erreken garbiketa-lanak 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) barruan kokatzen dira. Zehazki, 14. GJHari, ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak babestu eta modu jasangarrian erabiltzeari, egiten diote ekarpena.

Izan ere, ibaietara botatzen edo iristen den zaborra murrizteak zuzenean eragiten du itsasora iristen den hondakin kopurua ere murriztean.

Era berean, Ordizia 2030 Ekintza Planak biodibertsitatea, basoak eta ibaiak babestu eta zaintzea jasotzen du helburuetako bat bezala, eta, horren barruan, urtero ibai garbiketak egitea aurreikusten du.

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza