Azokak soinu eta wifi instalazioak eta pop up elementu berriak estreinatu ditu
Ordiziako Merkatuaren Eraldaketa Digital eta Iraunkorrerako Planaren exekuzioa bere amaierara iritsi da. Hainbat arlotako ekintzak bildu ditu, merkatuari, merkataritzari eta merkatariei eta udalerriari kontsumitzaileen beharretara egokitzeko eta merkataritza-eredu digital, iraunkor eta erakargarri baterantz aurrera egiteko aukera emango dietenak. 2025 urtea hasieran burutu dugu proiektuaren itxiera fasea eta bertan garaturiko ekimenak aurkeztu dira gaur.
Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, "azoka biziberritzeko planaren barruan, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dira, eta horretarako ikusten genuen elementu berri batzuen beharra". Hala, orain arte azokako plazan egin diren berrikuntzez gain, sukalde mugikorrak, pop up elementuak eta hondakinen kudeaketarako edukiontzi berriak instalatu dira, baita soinu ekipamendu berria eta azokako wifi irekia ere. "Elementu hauekin, Next dirulaguntza lerroaren bidez azokan egin diren berrikuntza guztiak bukatutzat" eman ditu alkateak. Hauek dira, zehatz mehatz, egin diren azken instalazio eta berrikuntzak:
- Plazako Musika eta wifi instalakuntza: Ordiziako azoka asteazkenetan girotzeko eta plazan urtean zehar ospatzen diren ekitaldi desberdinetan erabili ahal izateko musika instalakuntza berria jarri da Plaza Nagusian. Bestalde, azokako saltzaileen konexio beharrei erantzuteko eta herritarrei eskainiko zaien zerbitzu gehigarri gisa wifi instalakuntza irekia ere martxan da plaza nagusiko eta Beti Alai frontoiko eremuan. Wifi seinale hau, herritarrentzat ere irekia da (Ordizia_wifi) baina zenbait eduki sentikor eta desegokietarako sarbidea mugatu da (tabakoa, alkohola, drogak, apustuak, pornografia, indarkeria…).
- Plazarako pop up elementu berriak:
- Erabiltzaileari zuzendutako arreta puntua: bertan Ordiziari buruzko informazio turistikoa, azokako postuen ingurukoa eta bestelako eskainiko da, baita azokako merchandising-a erosteko aukera eman ere.
- Ekitaldi eta aurkezpenetarako pop up korner-a: garaiko produktuen inguruko aurkezpenak, tailerrak eta bestelako ekitaldiak azokako erabiltzaileei eskaintzeko gunea egokituko da.
- Sukalde mugikorra: gastronomia erakustaldiak egin, garaiko produktuekin egindako errezetak aurkeztu eta azokan kozinatzeko azpiegitura ere garatu da.
- Hondakinen kudeaketarako elementu berriak: azokako hondakinen kudeaketa errazteko helburuarekin elementu berriak jarri dira.
Takila adimentsuak merkatarien eskura: Udaletxeko arkupetan jarritako takila frigorifiko eta ez frigorifikoen erabilera Ordiziako merkatariei zabaltzeko pausoa eman da, nahiz eta asteazkenetan lehentasuna azokako saltzaileek izango duten.






