Gaur, urriak 25, XXXVI. ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa ospatu dugu Ordiziako asteazkeneroko azokaren altzoan, Plaza Nagusian. Bertan, Kortaria gaztandegiko Julen Arburua izan da irabazlea 8.93 punturekin, A letradun gazta txuriarekin. Bigarren eta hirugarren sariak Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk eskuratu ditu, D eta I letrako gazta ketuekin, 8.70 eta 8.47 punturekin, hurrenez hurren.  Hirugarren urtez jarraian irabazi du Arburuak gazta lehiaketa hau.

Gaurko txapelketan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2014tik 2023ra) irabazleak lehiatu dira. Ekitaldia Ordiziako Udalak antolatzen du Idiazabal Gaztaren kofradiaren lankidetzarekin, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.

Honako gaztagileak aritu dira lehian asteazkenean:

2014.- Karmele Murua “Ondarre “(Segura)

2015.- Jon Etxebarria “Ipiñaburu” (Zeanuri) 2016.- Joseba Insausti “Otatza” (Ordizia) 2017.- Jose Luis Odriozola “Agerre-Buru” (Aia)

2018.- Julen Arburua “Kortaria” (Lekaroz) 2019.- Julen Arburua “Kortaria” (Lekaroz)

2020.- Patxi López de Uralde “Larreako Gazta” (Larrea)

2021.- Eneko Goiburu “Ondarre” (Segura)

2022.- Eli Gorrotxategi “La Leze” (Illarduia)

2023.- Eneko Goiburu “Ondarre” (Segura)

Hiru gazta hoberenak diru-saria jaso dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen denean, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratu dituzte, eta horrez gain, Arburuak 8.5 puntu baino gehiago eskuratu dituenez, urrezko gazta ere eskuratu du.

Luxuzko epaimahaia ere izan dugu oraingo honetan:  Iñaki Arrieta (Rekondo jatetxea, Donostia),  Vera María Arrieta (Jakitea Elkartea),  Paloma Enríquez (Cebanc ostalaritza eskola, Donostia), Victoria Urresti eta Patxi Pérez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak) eta Eli Belaunzaran (El Diario Vasco) eta Aitzol Zugasti (AZ Gastronomia) kazetariak.

IMG 20231025 120209