Goierriko tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin jaio zen BIDARI lantaldea 2023ko martxoan, eta lehen kanpaina aurkeztu berri du prentsaurrean: “Kaixo Goierri!”.

Kanpainaren helburua da Goierriko komertzioei eta hauen atzean dauden familiei eta langilei ikusgarritasuna ematea, herritarrak Goierriko komertzioetara gerturatzeko eta bertan kontsumitzera deitzeko. “Kaixo Goierri!” kanpainak Goierriko dendarien, ostalarien eta zerbitzuetako langileen gertutasuna, konfiantza eta alaitasuna islatzen du, Goierrin kontsumitzearen onurak azpimarratzeko helburuarekin.

Izan ere, BIDARI taldearen ordezkariek adierazi dutenez, “eskualdeko bizitasunaren erantzule dira Goierriko merkatariak. Gure eskualdean 5200 familia bizi dira Goierriko negozio txikietatik. Gure herrietako kaleak bizirik matentzen dituzte haien denden, tabernen eta zerbitzuen bidez, gertutasuna lehenetsiz eta alaitasuna zabalduz. Goierriko merkatariei, ostalariei eta zerbitzuak eskaintzen dituztenei esker du gure eskualdeak aberastasuna. Eta herritarron ardura da Goierriko negozio txikiak babestea, tokiko saltoki horiek galtzeak gure udalerrietako paisaia eta jarduerak pobretzea ekarri baitezake. Tokiko negozioak gabe Goierri ez litzateke Goierri izango, eta haiek babesteko modurik onena da Goierrin kontsumitzea”.

“Kaixo Goierri!”, eskualdeko merkatariekin elkarlanean garatuta

 BIDARI lantaldeak sustatutako kanpaina hau eskualdeko merkatariekin elkarlanean garatu da, baita udalekin eta merkataritza elkarteekin ere. Merkatariak dira kanpainako protagonistak eta hainbat euskarri sortu dira kanpaina gizarteratzeko. Esaterako, sare sozialetan eta herrietako pantailetan zabalduko den sentsibilizazio bideo bat sortu da, non tokiko merkatariak agertzen diren, herri eta sektore desberdinetakoak: Idiazabalgo Alkizal Inmobiliaria, Lazkaoko SM Sport Nutrition, Beasaingo Gertu Aholkularitza, Ordiziako Arantxa Lentzeria Mertzeria, Mutiloako Telleria Gaztak, Lazkaoko 360 faktoria, Segurako Txokoa Elikagai Denda, Ordiziako Goierriko Baratza, Beasaingo Goierri Fisioterapia, Olaberriako Zezilionea, etab.

“Helburua izan da merkatariak ordezkatuko dituen kanpaina bat sortzea, haiei ahotsa eta protagonismoa emanez, herritarrengana gerturatzeko eta Goierri guztiok osatzen dugula ikusarazteko”, azaldu dute BIDARI taldearen ordezkariek.

Horretarako, baita ere, landing page bat sortu da kanpainaren inguruko informazio guztia jasotzeko: kaixogoierri.eus. Bertan daude ikusgai sentsibilizazio bideoa eta baita merkatari bakoitzaren bideo indibidualak ere.

Gainera, Goierriko merkatariak, ostalariak eta zerbitzuak gure herrietako kaleetan daudenez, kanpaina kalera ateratzeko helburuarekin, totemak jarriko dira udalerrietako kaleetan, “Kaixo Goierri!” kanpainaren mezua zabaltzeko: “Goierriko negozio txikiekin aurrera!”. Kanpaina borobiltzeko eta ahalik eta pertsona gehienengana iristeko, Udaletako webguneetan bannerrak jarriko dira eta tokiko hedabideetan publizitatea ere egingo da.

  

BIDARI, Goierriko negozio txikien alde lanean

BIDARI lantaldean Lazkao, Idiazabal, Beasain eta Ordiziako Udalek parte hartzen dute eskualdeko udalen ordezkaritzan, baita Goiekik, Ordizian elkarteak, Bareak elkarteak, LazkaOn elkarteak, Idiazabalgo Merkataritza elkarteak eta eskualdeko merkataritza teknikariek ere, eta Goierriko beste erakunde batzuek ere parte har dezakete. Goierriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzea eta tokiko kontsumoa bultzatzea du helburu, hainbat ekintzen bidez, eskualdeko negozioen arteko ezagutza eta lankidetza sustatuz eta herriak eta negozioak bizirik mantenduz.