Apirilaren 19tik maiatzaren 3ra, Ordiziako Udala eta Ordizian merkataritza elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin, Ospatu Udaberria Ordizian Erosiz kanpaina jarriko du abian, herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko ekimen berria. “Ordizian zorte handia dugu merkataritza sare zabala izateko eta orain, udaberriaren etorrerarekin batera, ekimen hau dugu martxan. Hain zuzen ere, bertako saltokietan erostera animatu nahi ditugu gure herritarrak, gure dendak direlako herria bizi mantentzen dutenak. Gainera, kanpaina honekin erosleak saritu egin nahi ditugu”, azaldu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.

 Denboraldi horretan sustapenari atxikitako saltoki eta tabernetan egiten diren erosketek 100 eurorainoko saria jaso dezakete. Erosketa horiek kanpainaren kartelaren bidez identifikatu daitezke, tokian bertan ikusteko moduan. 100 euroko bost sari, 50 euroko 10 sari eta 25 euroko 20 sari banatuko dira. “Establezimenduetan eskuratutako txartelak bete eta Ordizian bulegoko postontzian utzi beharko dira, zozketa eguna baino lehen”.

“Irabazten baduzu, kanpainari atxikitako tokiko edozein establezimendutan kontsumitu ahal izango duzu saria”, azaldu dute Ordizian merkataritza elkarteko ordezkariek. Gainera, establezimenduak lorez apainduko dira, udalerriari bizia, kolorea eta poza ematen jarraitzeko helburuz.

WhatsApp Image 2023 04 21 at 13.58.54