Gaur goizean ospatu da Ordizian Euskal Herriko XXIV. Txistorra lehiaketa. Bertan, Haritz Arteaga añorgarra izan da irabazlea, 63,50 punturekin. Bigarren Hermanos Larragueta (63,20 puntu) eta hirugarren Carniceria Saijana (57,50 puntu) izan dira, biak Burlatakoak. Finalistak, berriz, Ataungo Erauskin Harategia, Gasteizko Carniceria Etxabe, Tolosako Miren Pagoa, Huarteko Carnica Irigibel eta Arrasateko Harategia Otamendi izan dira.

Udaletxeko arkupeetan, 10.00etatik aurrera ospatu da txapelketa. Kontsumitzaileen arreta bertako ohiko hainbat produktuetara bideratu nahi da, hala nola, txistorra. Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da, eta hori, zalantzarik gabe, garantiaz eta kalitateaz hitz egitea da. 40 partehartzailetik gora izan dira, gehienak Gipuzkoatik, Nafar batzuk , Arabar eta Bizkaitarrak ere bai tartean.

Adituek esaten dutenaren arabera, txistorra ona izateko honako ezaugarriei  erreparatu zaie: neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana, ontze-puntua, etab. Epaimahaikoek  lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratu diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari, baita haragiaren txikitzeari ere, eta, azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartu dituzte kontutan.

Hiru atal horietan lortutako puntuekin jakin dugu zein den Euskal Herriko hogeitalaugarren txapelketan garaile, eta hori egiaztatuko duen Txapela, garaikurra eta diploma jaso ditu. Bigarren eta hirugarren sarituek garaikurra eta diploma jaso dute eta  Epaimahaiak, gainera, beste bost diploma eman ditu.

Epaimahaia ondorengoek osatu dute: Iker Markinez (Kaxola), Xabier Osa (JAKITEA elkartea), Maite Retolaza (Oiharte sagardotegia, Zerain), Aitzol Zugasti (Aholkulari

Gastronomikoa eta Basque Culinary Center-eko irakaslea), Eli Belaunzaran (Diario Vasco), Goierri Irrati Telebistako ordezkaria eta Eskerne Falcón (Turismo gastronomikoan aditua). Aurtengoan lehen aldiz, zozketa bidez hautatutako Ordiziar batek aukera izango du epaimahaikide izateko.

Txapelketa-mota horiekin bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitateko produktuak eginaraztea artisauei.

Txerri-hilketarekin lotzen da txistorra, eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian eta  Gipuzkoan batez ere, San Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen baita. Usadioko txerri-hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena berriz, gainerakoa, esate baterako, odolkiak, lukainkak...egitea, horretarako giharra txikitu eta gatza, piperbeltza eta abar botatzen zioten. Txistorra egiteko txerri-haragia eta urdaia behar da, gatza, baratxuria eta piperrautsa. Hori dena, ardi edo arkume-hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.

Azken urteetako irabazleak:

2006 – Etxekoa (Oiartzun)

2007 – Carnicería Sebastián (Altsasu)

2008 – Patxi Larrañaga (Lasarte)

2009 – Juan Jose Aldasoro (Altsasu)

2010 – Jose Luis Muñagorri (Tolosa)

2011 - Balentin Odriozola (Azpeitia)

2012 - Balentin Odriozola (Azpeitia)

2013 - Embutidos Etxekoak (Oiartzun)

2014 – Erauskin Harategia (Ataun)

2015 – Precocinados Guesalaga (Zarautz)

2016 - Txarri Txiki Harategia (Aia)

2017 - Larragueta harategia (Burlata)

2018 - J. Odriozola Harategia (Oñati)

2019 - Lasa Harategia (Ordizia)

2020 - COVID-agatik bertan behera.

2021 - Miren Karmele Pagola Balda (Tolosa)

2022 - Haritz Arteaga (Donostia-Añorga)

Txapelketak iraun duen bitartean, Oianguren Ikastetxeko ikasleak txistorra pintxoak zerbitzatu dituzte.