Ordiziako Udalak eta Ordizian merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, merkataritza eta kontsumo sailaren laguntzarekin, Stock eta Kale-Azoka antolatu du ostiral eta larunbat honetarako, martxoak 4 eta 5. Onuragarriagoak diren inguruabarrak kontutan hartuta, orain dela gutxi gertatutako pandemiari dagokionez, ekimen indartsuagoa eta azken edizioekin alderatuta berritasunekin datorren ekimen bat aurkezten da, izan ere, oraingo honetan ohiko eskaintza komertziala, pintxopotea, kaleetan zehar ibiliko den talde musikala, haurrentzako parkea eta 100 euroko hiru erosketa-txartel zozkatuko dira.

“Stock eta Kale-Azokaren bitartez proposamen erakargarria, produktuen aukera zabala eta anitza egongo da bi egunetan zehar. Herritarrek eskaintza onez gozatzeko aukera izango dute, herriko establezimenduetako produktuak kontsumituz, Ordizian biziz eta Ordizian erosiz”, nabarmendu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.

Stock azoka Ordiziako Plaza Nagusian ospatuko da eta Kale-Azoka, denden aurrealdean produktuak aurkezteko baliagarria dena, herriko kale desberdinetan. Ekimen hau, beste behin ere, ostirala eta larunbataren zehar goiz eta arratsaldez burutuko da.

Ordiziako merkataritza sektorearen garrantzia Stock eta Kale-Azokan islatuta ikusiko da, Goierritarrak eta gerturatu nahi diren beste pertsona guztiak prezio eskuragarrietan produktu aukera interesgarriak bertatik bertara izango dituztelarik eta aldi berean dagoeneko erakusleihoetan ikusgai dauden udaberria - uda denboraldi berriko produktuak zuzenean ezagutuz.

Hau horrela izanik, bisitariek erosketa eta aisialdi egun atsegina egiteko aukera izango dute Stock Azoka eta Kale-Azoka ospatzen den ingurune erakargarri honetan, Plaza Nagusia, hirigune historikoa eta Urdaneta kalean.

14 saltoki izango dira edizio honetako parte hartzaileak Stock azokan eta Kale-azokan banatuta, 10 saltoki herri-gune historikoan eta inguruko kaleetan denden aurrealdean eta 4 saltoki Plaza Nagusian. Ingurune ireki, eroso eta atsedengarri batetan beraien produktuak eskaintzeko aukera emango die ekintza honek, herriko kaleetatik ibilbidea erakargarriagoa eginez.

Horiei, Ordiziako ostalaritzako establezimenduak gehituko zaizkie martxoaren 4an, ostirala, 18:30etik 20:00etara pintxopotea eskainiz. Pintxopotean parte hartuko duten tabernak Etxetxo, Gudin, Haizpe, Herriko, Ibai, Illy, Ilunpe, Itoitz, Kirkil, Leizea, Ordizia, Orlegi, Pottoka eta Urdin dira. Pintxopotearekin batera, “Granujas a todo ritmo” musika-taldeaz gozatu ahal izango da, kaleetan zehar ibiliz erosketa eta aisialdi esperientzia alaituko dutelarik ekimenean parte hartzen duten merkataritza eta ostalaritza establezimenduen ingurunean.

Stock eta Kale-azokan parte hartuko duten saltokiak:

LENA lentzeria eta mertzeria, MIRENTXU haur moda, NESS by Esti García emakume arropa eta osagarriak, PORFIRIO FERNANDEZ gizon arropa eta osagarriak, BIÑASPRE lurrindegia eta estetika, GOFI BERRI haur eta gaztetxoen moda, KIXMI moda eta osagarriak, LUA emakume arropa eta osagarriak, OSKARBI oinetakoak, PALOMO gizon eta emakume moda, SERENDIPITY emakume arropa eta osagarriak, URIBA gizon arropa eta osagarriak, VICUÑA CONFECCIÓN gizon eta emakume moda, VICUÑA SPORT kirol moda eta osagarriak.

Stock azoka ordutegia; Martxoak 4 eta 5, 10:00tik 14:00ra eta 17:00tik 20:00ra.

Kale Azoka ordutegia; Martxoak 4 eta 5, 10:00tik 13:00ra eta 17:00tik 20:00ra.