2020ko emaitza onei jarraituz, Ordiziako Udalak, bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei laguntzeko asmoz ‘Ordizia Bizi herria’ bono kanpainak abian jarri zituen iazko urtean. Guztira bi bono kanpaina egin dira urtean zehar: batetik, Ordiziako etxe guztietara iritsi diren bonoak (postontzi bidezkoak), eta, bestetik, erosketa bonoak, azken hauek bi tandatan banatuta. Guztira, 639.233,82 euroko diru-sarrera dute bono kanpaina hauek Ordiziako establezimenduetan.

Etxeko postontzietako kanpainak 256.256,59 euroko diru-sarrerak eragin ditu. Bestetik, erosketa bonoen bi kanpainak 382.977,23 euro (193.389,78 euro + 189.587,45 euro).

“Gure herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzeko egitasmoa izan da, eta izugarrizko emaitza onak lortu ditugu. Gure herria bizirik mantentzeko ezinbesteko lana egiten duten sektoreak dira, eta gainera, gure helburua herritarrek herrian kontsumitzea da, Ordizian bizi eta Ordizian erosi, eta ohitura bilakatzea herriko komertzio txikietan erostea, haien aldeko apustua eginez. 2020an jarri genuen lehen aldiz kanpaina hau martxan, eta orduan 451.000 euroko diru sarrerak izan ziren Ordiziako establezimenduetan. Orain, kopuru hori gainditu egin da eta poztekoa da herrian halako eragina izana bono kanpainek”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Bonoen erabilerak gora egin du

Postontzietako bonoetan erabileran %18ko gehikuntza eman da urte batetik bestera. 2020an erabilera %38koa izan zen eta 2021ean %56koa. Ordiziar guztien etxeetara iritsi ziren bono hauek, 20 euroko balioa zutenak; 4.650 bono banatu ziren. “Datu honek erakusten digu bono kanpainei esker herrian erosteko joera handitu egin dela, eta hori da lortu nahi dugun helburua”, gehitu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Erosketa bonoen kanpainan 50 euroko balioa zuten 5.000 bono jarri ziren salmentan bi txandatan banatuta: 2.500 bono eta 2.500 bono (Udalak 20 euroko ekarpena egin du bono bakoitzean; beraz, erosleak 30 euro ordainduta 50 euroko txartela eskuratu du). Erosketa bonoen azken txandari erreparatuz, salgai jarri diren 2.500 bonuetatik 1.813 ordiziarrek erosi dituzte eta beste 687 eskualdeko beste herrietako edo eskualde kanpoko pertsonak. Hau da, bonuen %73a ordiziarrek eskuratu dituzte eta gainontzeko %27a eskualdeko beste herritako eta eskualde kanpoko pertsonak. Beste herrietako bezeroen artean Beasain, Zaldibia, Lazkao, Idiazabal, Legorreta, Olaberria eta Ataungo bezeroak izan dira (orden horretan) bonoak gehien erabili dituztenak.

Salmenta bonuen 2. txandaren deialdira atxikitako saltokiak 78 izan dira. Bono horien erabilerari dagokionez, gehienak moda eta oinetakoei lotutakoan izan da, eta ileapaindegi eta estetika sektoretan ere bai. Nabarmentzekoak dira, baita ere, optikaren eta informatikaren sektoreetan egin den erabilera.