Ordiziako Udalak Ordiziako Azokaren marka berria aurkeztu zuen joan den urteko azaroan, eta lehen ekimenetako bat Azokako produktuekin osatutako loteak eta erosketa orgak zozketatzea izan zen. Atsedenaldi txiki baten ondoren, berriro ere abian jarriko da ekimen hau otsailaren 10etik aurrera ekainera bitarte; beraz, asteazken honetako azokan abiatuko den ekimena izango da.

Zozketa bi astean behin burutuko da eta 2 produktu lote eta 4 erosketa orga zozketatuko dira aldi bakoitzean. Berrikuntza bat izango dugu oraingoan, izan ere, Plaza barnean azokaren informazio karpa bat egokituko dugu eta azoka martxan dagoen bitartean, Azokako poltsa berriak eta erosketa orgak erosteko aukera emango dugu, gure erosleak plastikozko poltsak ordezkatzen joan daitezen. Ekimen honen baitan, garaiko produktuen sustapenarekin lotutako edukiak jarriko dira erosleen eskura, hala nola, errezetak, kontserbaziorako irizpideak eta bitxikeriak. Egoerak baimentzen duen heinean, Ordiziako merkatari, ostalari eta kontsumitzaileak protagonista izango dituzten beste hainbat ekimen garatzea da helburua, Ordizian erosi eta kontsumitu eta Ordizia bizi dezagun.

Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak hala nabarmendu du ekimenaren zergatia: “Ordiziako azoka, gure azoka, dugun altxor handienetako bat da. Urtez urte herritarrok bertako produktuak, kalitatezkoak, erosteko aukera eskaintzen da bertan, baina gure baserritarren lana balioan jartzeko ere balio du. Garai zail hauetan inoiz baino gehiago egin behar dugu gurearen aldeko apustua”.