Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da Ordizian. Horren harira, Ordiziako Udalak hainbat ekimen antolatu ditu martxoan zehar, emakumeen eskubideak, berdintasuna eta ahalduntzea ardatz hartuta.

Egitaraua Udaleko sail ezberdinen eta herriko eragileen arteko elkarlanaren emaitza da. Ordiziako Udalak berretsi egiten du berdintasun erreal eta eraginkorraren aldeko konpromisoa, eta emakumeen eskubideen defentsan lanean jarraituko duela, herriko eragileekin elkarlanean.

Martxoaren 8a: mobilizazio nagusia Ordizian

Goierriko Koordinadora Feministak, Ordiziako Jabekuntza Eskolan egindako agerraldian iragarri du, Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazio nagusia. Iaz Zaldibian egindako mobilizazioari lekukoa hartuta, aurten Ordizian bertan egingo da eskualde mailako mobilizazio nagusia.

Topagunea Plaza Nagusia izango da, eta bertan hasi eta amaituko da mobilizazioa. 12:30ean abiatuko da, eta amaieran ekitaldi bat egingo da.

Zainketei buruzko diagnostikoaren aurkezpena

2025ean, Zainketa Mahaitik bultzatutako lehen ekintzetako bat Ordiziako zainketen errealitateari buruzko egoera-diagnostikoa egitea izan zen. Helburua zainketen egoera ezagutzea izan da, zaintzen duten pertsonen errealitate desberdinetatik abiatuta: familietatik, profesionaletatik, zerbitzuetatik eta zainduen ikuspegitik.

Hasierako abiapuntua Ordiziako adinekoen ingurunea izan da, jakitun izanik zaintza beharrezkoa dela bizitzako etapa guztietan eta pertsona guztiok inplikatzen gaituela.

Martxoaren 11n azterlanaren ondorio nagusiak partekatuko dira, eta espresuki gonbidatuko dira diagnostikoan parte hartu zuten pertsonak.

Aurkezpenari amaiera emateko, Bea Egizabal izango da, eta umorez emango dio azken ukitua topaketari.

Urrup Antzerkia: ‘Segunda Convocatoria’

Antolatu diren ekimen desberdinen artean, martxoaren 6an, 20:30ean, Herri Antzokian estreinatuko da ‘Segunda Convocatoria’ antzezlana, Urrup Antzerki Taldearen eskutik. Urteroko moduan, Kimetzek Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako emanaldia izango da.

Ana Martinez Azconak idatzi eta Rosa Rojok zuzendutako komedia honek auzokideen komunitate-bilera bat du abiapuntu. Itxuraz ohikoa den gai-zerrenda batek, partaideen kezka eta bizipenekin batera, gizartean errotuta dagoen matxismoa agerian utziko du. Amatasuna, zaintzak, indarkeria matxista, lan-prekarietatea edota presio estetikoak bezalako gaiak umorez eta ironiaz jorratzen dira.

Emanaldia gazteleraz izango da, eta sarrerak 6 eurotan daude salgai Herri Antzokiko leihatilan eta online.

EGITARAUA

Martxoaren 2tik 7ra – Liburutegian: ‘Emakume idazleak: Baietz harritu!’. Emakume idazleen liburuek protagonismo berezia hartuko dute.

Martxoak 3 (18:30) – Herri Antzokia: ‘Sorgina banaiz’ dokumentala.

Martxoak 4 (17:00) – Liburutegian: ‘Zu eta Ni’, Dorleta Kortazarrekin(LH1 eta LH2).

Martxoak 5 (10:00) – Udaletxeko arkupeetan: Emakumeak kalean margotzen, Rakel Jimenezekin. Antolatzaile: Kimetz. (19:00) Elkarretaratzea, Plaza Nagusian, ‘Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez!’ lelopean. Antolatzailea: Kimetz.

Martxoak 6 (20:30) – Herri Antzokia: ‘Segunda convocatoria’ antzezlana, Urrup Antzerki taldearen eskutik. Antolatzailea: Kimetz.

Martxoak 8 (12:30) – Plaza Nagusia: Eskualde mailako manifestazioa eta ekitaldia. Antolatzailea: Goierriko Koordinadora Feminista.

Martxoak 11 (17:30) – Barrena: Zaintza mahaiaren ekitaldia; ‘Zainketei buruzko diagnostikoaren aurkezpena’.

Martxoak 26 (18:00) – Barrena: Emotio taldearekin kafe kontzertua. Antolatzailea: Kimetz.