Jabekuntza Eskolak prest du udazkeneko programazioa
Udazkenean sartzearekin batera, Ordiziako Emakumeen Jabekuntza Eskolak datozen hilabeteetarako programazioa aurkeztu du. Urrian hasi eta urtarrilera bitartean, sei ikastaro egiteko aukera izango da, horietatik hiru berriak. Izena emateko epea urriaren 2ra artekoa da; horretarako, mezu bat bidali behar da Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera, norbere datuak (izena, posta elektronikoa eta telefonoa) eta zein ikastarotan parte hartu nahi den adieraziz.
Emakumeontzako Jabekuntza Eskola “Ordiziako emakumeek ezagutza eta jakintza elkarbanatu eta sarea egiteko” helburuarekin sortu zela gogorarazi du Ainhoa Jimenez berdintasun zinegotziak. Eta geroztik, “emakumeok ahalduntzeko, autonomia indartzeko eta norbere burua nahiz elkar zaintzeko” erremintak ematen saiatzen da, beti ere ikuspegi feminista batetik. Orain arte antolatutako ikastaroek “oso harrera ona” izan dutela azpimarratu du, eta ikasturte berriari begira ere, parte hartzeko deia egin die Ordiziako emakumeei.
Ikastaro berriei dagokionean, urritik abendura bitartean, Pepa Bojok Gure emozioak kudeatzen ikastaroa emango du, ostegunetan (bi astez behin). Bertan, mundu emozionala deszifratzeko eta gure emozioak era ahalduntzailean kudeatzeko moduak azalduko ditu. Emakume helduei eta nagusiei zuzendutako saioa izango da.
Saioa Baenak, berriz, Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa egingo du, asteartero. Emakume guztiei zuzendutako ikastaroa da, eta besteak beste, erditze ondoko tratamendua edota menopausia garaia landuko dituzte.
Mantenduko diren ikastaroen artean, Batukada Feminista ere izango da aurten, Ainara Sarasketak gidatuta, ostegunetan (bi astez behin). Jabekuntza ardatz eta perkusioa tresnatzat hartuta, talde lanean batukada feministak esan nahi duena landu, ulertu eta praktikara eramatea da saioaren helburua.
Clara Gutierrezek, bere aldetik, Sendabelarren inguruko ikastaroa emango du aurten ere, asteazkenetan (bi astez behin). Aurten, ordea, bi talde egingo dira, bat ikasle berrientzat, eta bigarrena aurreko urteetan parte hartutakoek gaian sakontzen jarrai dezaten pentsatutakoa. Tokiko sendabelarrak eta erremedio naturalak modu praktikoan ezagutu, eta etxeko nahiz laneko gaitz eta gaixotasun arinak prebenitu edo konpontzeko argibideak emango ditu.
Egun bakarreko beste bi saio ere izango dira aurten: Twerk (Booty Dance) ikastaroa’, azaroaren 30ean, eta Oinarrizko brikolaje tailerra, urtarrilaren 25ean.