Dela lau urte sortutako ‘Udaberria Transloratzen’ zikloaren laugarren edizioa ospatuko dugu aurten. Beste urtebetez, gizarte anitz baten parte garela aldarrikatuko da ziklo honetan.

“Aurten ere ilusio handiz antolatu dugu ziklo hau. Ziklo eraldatzailea da, eta orain lau urte hasi genuen ibilbideari eusten dio. Orduan trans errealitateari ikusgarritasuna emateko helburu nagusia ezarri genuen zikloaren baitan, eta hori egiteaz gain, gizartea transformatu beharra zegoela ikusi genuen, gizartearen begirada”, nabarmendu du Ainhoa Jimenez, berdintasun eta aniztasun zinegotziak.

Bide horretan, urte hauetan gai ezberdinei heldu diela agertu du: “transexualitatearen gaiaz gain, gizartean eragiteko gaiak txertatzen joan gara zikloaren baitan. Garrantzitsua da bere lekua izatea, Plazak hartzea, maiatzaren 27an euskal trabestien showak egingo duen moduan. Ikastetxeetan lanketa egitea, hilabete osoan egingo duten moduan. Instituzio eta aretoak hartzea, eta azkenean, gure agendak ere betetzea ekintza hauekin. Eta gure ardura eta eginbeharra da gizartea transformatzen jarraitzeko baliabideak eskaintzen jarraitzea”, gehitu du.

Programa zabala

Maiatzaren 3an hasiko da Zinegoak-ekin batera, Herri Antzokian. Emakume sortzaileak / mujeres creadoras, 19:30ean.

Maiatzak 8an, 18:30ean, Udaletxeko batzar aretoan ‘Gazteak eta pornografia, nola eragin alarmismoaz harago’. Mahai ingurua. Hizlariak Ibai Fresnedo eta Josebe Iturrioz dira.

Maiatzaren 17an LGTBI+ fobiaren aurkako nazioarteko eguna / Día Internacional contra la LGTBIfobia. 20:00etan egingo da showa Plaza Nagusian.

Maiatzak 22an, 18:00tan Barrenan erakusketa eta hitzaldia ‘Gu ere bagara’. Ines Bermejo eta Julen Nafarreteren eskutik, Nola bizi dira gure herriko LGTBIQ+ nagusiak? Getxoko LGTBIQ pertsona nagusien kontatu gabeko istorioak.

Hilabetean zehar, bestalde, ‘Bizi-testigantzak’ eskainiko dira DBH3ko ikasleei, eta tailerrak egingo dira Eder Iturralderekin batera.

Maiatzaren 29tik ekainaren 14a bitarte Barrenako sarreran egongo da ikusgai ‘Ni naiz naizena’ erakusketa, Mugen Gainetik, Gehituz, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eskutik.

Ekainaren 5ean, bi libururen aurkezpen eta mahai-ingurua egingo da. Julen Gorosabelen ‘Maitemina’, eta Mikel Uribelarrearen ‘Gorputz txiki batean jaio nintzen’. Hitzordua 18:00ean izango da, Udaletxeko batzar aretoan.

Ekainak 6, 18:00tan Naizen elkartearen hitzaldia egingo da Barrena Jauregian.

Ekainak 13, 19:30ean, Erreka Mari antzerkia eskainiko da Herri Antzokian.

Ikusgaitasuna, egunero

Gauzak honela, ekintza-sorta zabala antolatu da, eta herritarrei dei egiten zaie eta gonbita luzatzen zaie ekintza horietan parte hartzeko. “Gure gizartean dauden errealitateak dira, eta horiek ikusgarri jarriko ditugu, guztion artean sentsibilizazioa eta kontzientziazioa bultzatuz”, zehaztu du Jimenezek.