“Emakumeontzako Jabekuntza Eskola Ordiziako emakumeek ezagutza eta jakintza elkarbanatu, sareak egin, ahaldundu, gure buruarengan konfiantza eta autonomia indartu, elkar eta norbere burua zaindu eta feminismoaz ikasten jarraitzeko espazio bat da, eta orain arteko ikasturteetan arrakasta handia lortu dute bertan eskaintzen diren hitzaldi eta tailerrek”, azaldu du Ainhoa Jimenez, berdintasun zinegotziak. “Ordiziako emakume guztientzako irekita dagoen espazio bat izanik, bertako programan parte hartzeko deia zabaltzen zaizue”, gaineratu du.

Hala, ikasturte berriari hasiera eman zaio gaur Eihera kooperatibako Kattalin Minerrekin batera. Hainbat ekintzek osatuko dute egitaraua

Ikasturte guztian zehar, urritik ekainera bitarte, Batukada feminista ikasteko aukera izango da, Ainhoa Sarasketa Alberdiren eskutik. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara izango da, Jabekuntza Eskolan bertan. Ia hilabetero bi saio eskainiko dira.

Sendabelarrak, tokiko sendabelarrak eta erremedio naturalak modu praktikoan ezagutzeko asmoz, urriaren 4an hasi eta ekainaren 19an amaituz, hilabetean bi tailer eskainiko dira, 17:00-20:00.

Autozaintza gure ongizatearen oinarri tailerrak hilabetean behin eskainiko dira, urritik apirilera. Urriak 19, azaroak 16, abenduak 14, otsailak 15, martxoak 14 eta apirilak 11, 17:30-19:30.

Aurtengo programan, berezitasun modura, hainbat ikastaro berri izango ditugu:

  • Oinarrizko brikolaje tailerra. Azaroaren 18an eskainiko da, 9:30-14:00 bitarte. Bertan, gure bizitzan autonomoagoak izaten eta oinarrizko brikolajearen nozioak ikasiko ditugu.
  • Xilografia tailerra. Xilografiaren oinarrizko teknikak ikasiko ditugu bertan, lanabesak ezagutu eta lehenengo frogak eginez. Azaroaren 6an, 13an eta 20an izango da, 18:00-20:00.

Ekintza guztiak doakoak dira.