Dela hiru urte sortutako ‘Udaberria Transloratzen’ zikloaren hirugarren edizioa ospatuko dugu aurten. Hain zuzen, gizarte anitzean bizi garela aldarrikatuko dugu ziklo honekin batera; kolore, soinu, begirada, sentsazio eta sentimendu ezberdinez osatuta.

“Ilusio handiz antolatu dugu aurten ere ziklo hau. Urtero saiatzen gara ekimen berriak antolatzen eta aurkezten. Eta aurten ere, udaberriko koloreak hamaika diren honetan, ziklo borobila izango dugu. Errealitate ugari ditugu eta horiei dagokien ikusgaitasuna ematea dugu helburu”, zehaztu du Ainhoa Jimenez, berdintasun eta aniztasun zinegotziak.

Dela hiru urte hasi zuen ibilbidea ziklo honek: “trans errealitateari bisibilitatea ematen jarraituko dugu. Gutxinaka, hori osatzen eta trans errealitatea bisibilizitzatzen jarraitzeaz gain, eboluzionatu dugu eta gizartearen begirada da transformatu behar dena eta ziklo hau erabiliko dugu gizartean baztertuta dauden errealitateak ikusarazteko eta beste begirada integratzaile baterako erraminta bat da ziklo hau. Horregatik, urtez urte, gai desberdinei emango zaie leku”, gehitu du Jimenezek.

Programa zabala

Apirilaren 28an hasiko dugu zikloa, ‘Kanpora sartzen’ antzezlanarekin. “Zorte handia dugu antzezlan hau hona ekartzearekin. Sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duen lehen pertsonan idatzitako istorioa da”, nabarmendu da.

2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabin eta birusaren arteko harremanaz hitz egiteko garaia iritsi da. Lan honetan bere elkarbizitzaren lekuko izango gara, azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuko ditugu. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, errua, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan?

Maiatzaren 5etik 9ra, ’20.000 especies de abejas’ filma egongo da ikusgai Herri Antzokian.

Maiatzaren 10ean jarraituko dugu zikloarekin. 18:30ean, Trans legearen inguruko mahai ingurua egingo da eta bertan izango dira Josebe Iturrioz, Brayan Altimasberes eta Iñigo Etxezarretak egingo ditu moderatzaile lanak.

“Beste egun handi bat maiatzaren 13an izango da. Kantu bat gara kontzertua egingo dugu, herritarren eta herriko eragileen parte hartzearekin”, nabarmendu du Jimenezek. Hain zuzen ere, Goierriko Bertso Eskola, Lazkaoko Zanpantzarrak, Ordiziako erraldoiak, Xabin Fernandez, Amets Bideko euskal eta ballet dantzariak, Oroith abesbatza eta Esanezinek parte hartuko dute, hain zuzen ere.

Sarrerak astelehenean jarriko dira salgai, www.ordiziarrock.com helbidean. 2 pertsonentzako mahaia 30 eurokoa izango da, eta lauentzako 60 eurokoa.

Maiatzaren 17an Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBI diagnostikoa aurkeztuko da Plaza Nagusian, 18:30ean. Bertan izango dira Hiruki Larroxa elkarteko Ibai Fresnedo eta Zuriñe Rodriguez, eta ondoren Euskal Trabestien show-a.

Maiatzaren 30an Zinegoak ospatuko dugu.

Maiatzaren 31an, ‘La rebelión de las hienas’ liburuaren aurkezpena egingo da.

Ikusgaitasuna, egunero

Dei egiten diegu herritarrei eta gonbita luzatzen da ziklo honetako ekintzetan parte hartzeko. “Esan bezala gure gizartearen isla diren errealitateak landuko ditugu, eta askotan arrotza eta ezezaguna egiten zaigun errealitate bati gerturatzeko aukera eman nahi dugu, gure herrian dagoeneko izan baditugun errealitateak direlako. Gizarteak markatu dizkigun zenbait arau desikasi eta herri kontzientzia sortzeko asmoz. Gaur hasi eta hemendik aurrera gurekin geratuko diren sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak bultzatuz”, amaitu du.