Ordiziako kirol eremuan indarkeria matxista jarreren presentziari buruzko diagnostikoa abiatu du gaur Ordiziako Udalak, eta irailera bitarte luzatuko dela aurreikusten da.

“Oso proiektu interesgarria da, kirol elkarteekin batera martxan jarriko duguna. Helburu hirukoitza izango du:batetik, diagnostikoari eta kirol arloan ematen diren indarkeria matxista jarrerak detektatzeko gai izatea. Bestetik, honetarako formakuntza, sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta formazio lana. Hirugarrenik, esku-hartzea eta horretarako protokolo bat osatzea. Azken finean, berdintasun politiketako ekintzak sektore desberdinetara zabaltzea oinarrizkoa da. Hau bide bat izango da formakuntza eta sentsibilizazioari bide emateko”, dio Ainhoa Jimenez, Berdintasun zinegotziak.

“Badakigu kirol eremuan jarrera matxistak ematen direla eta horiek guztiak identifikatzeko jarriko dugu prozesua abian, ondoren, horiei dagokien erantzuna emateko asmoz”, zehaztu du Jon Ander Caballero, kirol zinegotziak.

Proiektuak udalerriarekin lotura zuzena du maila ezberdinetan. Batetik, berdintasun politikei dagokienez, Ordiziako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planak 2021-2024 esparru guztietan emakumeen ahalduntze pertsonala, kolektiboa eta sozialean azpimarra jartzen duelako; eta indarkeria matxistaren inguruko prebentzioa lantzea, eta indarkeria matxistarik gabeko herria lortzeko herritarrak sentsibilizatzea helburu duelako. Eta bestetik, Ordiziak herriko kirol arloa genero ikuspegitik lantzen ibilbide bat hasia duelako, dela 2010ean esparru honetan Udalak egin zuen diagnostiko sektoriala, dela 2022 urtean Ordizia Rugby Elkarteak jokalari zein entrenatzaileek jarrera eta eraso sexisten aurrean jarduteko jaso zuten formakuntza.

Honako helburuak izango ditu protokoloak:

  • Ordiziako kirol elkarteen baitan (kirol federatua eta kirol eskolak) gertatzen diren indarkeria egoerak antzematea.
  • Herriko kirol arloan indarkeria matxista gertatzeko arrisku-egoerak identifikatzea.
  • Herriko kirol elkarteen baitako agenteak (zuzendaritza batzordeetako kideak, teknikariak, kirolariak) arlo honetan gertatzen den indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzea.
  • Ordiziako kirol arloan indarkeria matxista prebenitzeko neurriak proposatzea.
  • Kirol arloan gertatzen diren indarkeria matxisten aurrean jarduteko protokolo bat diseinatzea.
  • Kirol arloko teknikariei gai honen inguruko oinarrizko formazioa ematea

Horretarako, Berdintasun eta Kirol Sailak elkarlanean aritu dira. Kirol elkarte eta kirolarien parte hartzea beharrezkoa da, noski, eta lanketaren ostean Ordiziak bere lehen kirol eremuan indarkeria matxista jarrerei aurre egiteko protokoloa izango du.